https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kalaportu ikuskizunak emango dio hasiera Loraldiaren bosgarren edizioari

Kalaportu ikuskizunaren aurkezpena./
Kalaportu ikuskizunaren aurkezpena.

Martxoaren 15ean Bilboko Arriaga Antzokian estreinatuko den ikuskaria Joseba Sarrionandiaren sormen lurraldea kantuen bidez irudikatu nahi du. Gero Euskal Herriko lau hiriburutan eskainiko da

EL CORREO

Azken egunetan jakin izan dugu 'Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz' ikuskizuna izango dela Loraldia Festibalaren 5. edizioari hasiera emango diona eta antolatzaileek aurreko ostiral goizean aurkeztu zuten ikuskaria prentsaurrekoan. Ekimenaren arduradunek martxoaren 15eko iluntzean Bilboko Arriaga Antzokian estreinatuko dela gogorarazi zuten. Zehazki, aurkezpenean, Loraldia Festibalaren produkzio arduraduna Aitor Narbaiza, Audience taldeko Gaizka Insunza eta AEKtik, Asier Amondo, Korrika arduraduna, izan ziren.

Baina zer eskainiko du Loraldiari hasiera emango dion ikuskizun honek? Joseba Sarrionandiaren testuak sarritan bihurtu dira kantu. 145 kantu burutu dituzte poetaren poemekin eta euskal idazlerik musikatuena da inolako zalantzarik gabe. Ikuskari honek, beraz, Sarrionandiaren testuekin sortutako kantuen bilduma plazaratuko du.

Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz sentikariak Iurretako poetaren sormen lurraldea kantuen bidez irudikatu nahi du. Horretarako hamaika kantari eta bi idazle bilduko dituzte tauletan. Kontzertu poetikoa izango da, Sarrionandiaren sormenarekin bat egiteko bide musikatu zirraragarria.

Ikuskizunak Gure oroitzapenak proiektuan du abiapuntua. Gure Oroitzapenak egitasmoa izen bereko poesiatik abiatzen da. Aurrena, film bat burutu dute, hamabi zinegilek eginiko film kolektiboa. Bigarrenez, kantu, testu eta poemen bilduma den disko-liburua. Eta azkenik, sentikaria: Kalaportu. Sarrionandiaren poesia musikatua eszenan.

Loraldia Festibalaren produkzioa da eta Mireia Gabilondok egin du zuzendaritza artistikoa; Fernando Bernuesek asmatu du eszenografia. Eta oholtza gainean, musikariak, idazleak eta aktoreak bilduko dira eszenan Sarrionandiaren poesia kantu bihurtzeko. Besteak beste, Audience, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Rafa Rueda, Dana, Joseba Irazoki & Beñat Axiari, Harkaitz Cano eta Uxue Alberdi.

Ikuskizuna lau hiriburutan eskainiko da

Loraldia Festibala eta Korrikaren artean lotu den elkarlanari esker, Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan Kalaporturen emanaldiak eskainiko dira Euskal Herriko hainbat tokitan.

Horrela, martxoaren 15eko Bilboko estreinaldiaren ondoren, Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz Euskal Herriko beste lau hiriburutan eskainiko da: Gasteizko Principal Antzokian, martxoaren 21ean; Baionako Antzokian martxoaren 23an; Donostian, Victoria Eugenia Antzokian, martxoaren 24an; eta Iruñako Gayarre Antzokian, martxoaren 28an.

Asier Amondok, Korrikako arduradunak, elkarlan honetatik sortu den emaitza azpimarratu nahi izan zuen, bi ekimenak, bai Korrika eta Korrika Kulturala eta baita Loraldia ere elkarlanean oinarritzen direlako. Eta eskerrak eman nahi izan zizkion Kalaportu eta Loraldiari, honi esker lehen aldiz Korrika Kulturala Euskal Herriko bost antzoki nagusietara iritsiko delako.

Temas

Euskera