https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kaixo, distopia

Emakume bat, sakeleko telefonoa begiratzen./
Emakume bat, sakeleko telefonoa begiratzen.
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Ez dakit nik zein botoi sakatu nuen edo zer egin nuen, baina aspaldi honetan nire mugikorrak gauza gehiegi galdetzen dizkit. Hotel batera joaten naizenean, hotela zer iruditu zaidan galdetzen dit; jatetxe batera joaten naizenean, jatetxea gomendagarria den ala ez jakin nahi du; denda batetik atera bezain pronto, galdezka hasten da nire mugikorra. Baina harrigarriena da toki batera sartu baino lehen, toki horri buruz galdetzen didala. Agian, atean gelditu naiz, berriketan, baina telefonoaren jakin-mina ni baino azkarragoa da. Egoera bitxi horrek Iban Zalduak idatzitako 'Wikipedia eguneratzen' ipuina gogorarazi dit. Istorio horretan, hauxe dio narratzaileak: «Betidanik harritu nau Wikipediaren lastertasunak eguneratzeak egiteko unean, batez ere pertsonaia ezagunen heriotza-datak berehala eransteko orduan». Momentu batean, narratzaileak Wikipediako orrialdeetan, heriotzen albisteak zabaldu baino pixka bat lehenago eransten direlako susmoa du. Arduragarri da ipuina, orijinala, eta egilearekin bat nator: batzuetan, badirudi tramankulu teknologikoak bizitza beraren aurretik doazela. Hori dela eta, ondo legoke «etorkizunaren Wikipedia» bat zabaltzea.

Arazo batzuk oso urrun daudela pentsatzen dugu, eta ez dugu erreakzionatzen. Interesgarria izango zen Wikipediaren hainbat sarreratan proiekzio bat egitea. Klima aldaketari dagokionez, informazioa zabaldu beharko genuke eta, teknologiaren bitartez, irudiak sortu ez biharko baizik eta atzoko arazo bat dela salatzeko. Kutsaduraren ondorioek ere toki garrantzitsua izango lukete: ozeanoen suntsipena, hainbat zuhaitz eta animaliaren desagerpena, gaixotasun berrien notiziak. Ez zen zientzia-fikzioan oinarritutakoa izango Wikipedia hori, baizik eta, honela jarraituz gero, biharko errealitatean. Bihar, Zalduaren beste ipuin batean aipatzen den zaborra desagertzeko makinak behar izango ditugu. Euskal Herriko Unibertsitateak garatutako denboraren makina batek etorkizunera bidaltzen du zaborra ipuin horretan. Nolabait, makina hori asmatuta dagoela jada pentsatzen dut nik, «etorkizunaren Wikipedia» hori zaborrez beteta dagoelako jada.