Asko dira nigan eragina izan duten liburuak; baina gutxi, irakurri nituen lehen alditik hona nire baitan iraun dutenak hasierako xarma eta indarrez. Gogoan dut Isak Dinensenen 'Out of Africa', idatzi izan diren liburuen artean gogoangarrienetako bat. Oraindik badut lehen esaldiaren zartada belarrian. «Nik banuen baserri bat Afrikan», Meryl Streepen ahotsa, Sydney Pollacken pelikula, eta John Barryren musika. Beste bat, Dinensena bezain gogoangarria, 'The Ballad of the Sad Cafe' da, Carson McCullersena. Liburuak gaztetatik egin dit konpainia, lagun gisa gehienetan. Madrilen, ikasle garaian, bisitan etorritako adiskideei opari moduan emateko izaten nuen, ohituraz, aleren bat beti. Madril utzitakoan nirekin ekarri nuen, eta beti dago edizioren bat edo beste begiak harrapatzeko moduko tokian, sekula ez urruti. Duela gutxi euskarazkoa hartu nuen liburu-denda batetik. Baladarekin batera beste ipuinak datoz, jatorrizko edizioan argitaratu zen bezala. Itzulpena Asun Garikanorena da. Lehen esaldia jotzen dut begiz: «Herria bera eskasa da; ezer askorik ez dago han, soilik kotoi fabrika, langileak bizi diren bi gelako etxeak, mertxikondo bakar batzuk, eliza bat koloretako bi leihorekin eta kale nagusi ziztrin bat ehun yarda besterik ez dena». Irakurri nuen lehen aldiko lilurak hartzen nau berriro; garai bateko usain eta doinuak datozkit zaldi herren baten abiadura motelaz. Esaldi horretan ez dago soberakorik ezer, denak hartzen du bere tokia narrazioan: herriak eta kaleak, kotoi fabrikak eta langileek; mertxikondoa aldatzen da kolorez pertsonaia nagusiaren aldartea kanbiatzen den neurrian. Kanpoko paisaiaren aldaketak barneko bisaia erakusten du, gehiegizko hitz jariorik gabe.
Publicidad
Desira da gaia, ez desira soila, haren bilakaera baizik. Bera nola pertsonaien baitan zabaltzen edo estutzen den, nola ezkutatzen eta agertzen den kontatzen digu idazleak. Desirak mugiarazten ditu pertsonaiak, hanpatzen eta zapuzten ditu, ez direnaren bila bultzatzen, ez dauden tokira jaurtitzen. Maitasunak elkartzen ditu pertsonaia nagusiak, Miss Amelia, Cousin Lymon eta Marvin Macy, eta maitasun-ezak bereizten. Maitasuna bera bereizgarri baita, maitalea dago, batetik, eta maitatua, bestetik. Maitatzea maitatua izatea baino hobea dela erakusten digu testuak, denok nahiago dugula maitatzea maitatuak izatea baino. Denok badakigu, ordea, eskarmentua dugunok batez ere, maitatzea eta maitatua izatea direla maitasuna bere osoan hartzeko ekintzak. Baina McCullersen testuetan beti zerbait dagoela faltan ikusten dugu. Pertsonaiak ere osatugabeak dira, puskaz josiak bezala. Horregatik, lan handia egin behar dute mundura egokitzeko; eta munduak ez die eskertzen, ez ditu onartzen. Eta horren ondorioa bakardadea da, bakardade sortzaile eta eragilea. Bakardadea, ikusten zaila eta ulertzen gaitza.
McCullersen pertsonaietan barnea eta kanpoa elkarren betegarri dira. Espiritua ez da gorputzaren etsai, lagun baizik. Lehen eleberria idatzita zuenean, 'The Hearth is a Lonely Hunter', miresle zuen gizon batek opari eginda 'Out of Africa' irakurri zuen, Isak Dinensen memoria-liburua. Eragina izan zuen, ez nolanahikoa. Dinensen Ameriketara joan zen aldi batean, literaturaren inguruko gala baterako, McCullersen konpainia eskatu zuen. Marilyn Monroe ere bildu zitzaien eta, Arthur Millerrek kontatu zuenez, mahai baten gainean egin zuten dantza. Isak Dinensen eta Marilyn Monroe urte berean hil ziren, 1962an hain zuzen. Carson McCullers 1967an. Berrogeita hamar zituen.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión