https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Juan Ayesta artista beasaindarraren azken urteetako lanak ikusgai izango dira Gasteizen

Juan Ayesta, duela urte batzuetako artelan batekin./
Juan Ayesta, duela urte batzuetako artelan batekin.

Artista plastiko honen erakusketa Vital Fundazioaren zentroan ospatuko da

PAUL PICADO

Juan Ayesta artista plastiko beasaindarraren azken urteetako lanak ikusgai izango dira apirilaren 5era arte Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan (Araba aretoan). Erakusketaren izena 'Cartografías matéricas + Gastropinturas' da, eta Gasteizen egiten duen lehen erakusketa izango da.

Aipatutako data arte bisitatu ahal izango da erakusketa, astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:30era. Igande eta jaiegunetan, interesdunek lan honetaz gozatzeko aukera izango dute 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Sarrera doan da.

Aretoko eremu nagusia eremu zabal eta diafanoa da, eta hor, tamaina ertain eta handiko lanak egongo dira erakusgai. Hain zuzen ere, 'Cartografías matéricas' izeneko erakusketa han dago. Lan horietan, egileak bere kezken zati garrantzitsu bat aztertzen du. Erakusketa-areto berean, barruko beste eremu bat dago, txikia dena, eta hor, orain arte argitaratu ez dituen lan txikiak jarri ditu. Ayestak berak dioenez, «espirituala dena, gastronomiaren ingurukoa da».

Artea eta industriaren arteko harremanak aztertzen

Juan Ayestak txikitatik izan zuen marrazketa eta pinturarako sena. Horrela, eskola mailako zenbait lehiaketetan nabarmentzen hasi zen. Hasiera batean olio teknika erabiltzen zuen baina hamasei urterekin, Xabier Alvarez de Eulate margolari ospetsua ezagutu eta harekin hasi zen lanean, udetan batik bat. Lan horri esker, bi alditan irabazi zuen Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketaren lehen saria.

Ingeniaritza ikasten amaitutakoan, Eusko Jaurlaritzaren beka bat lortu zuen arte plastikoak ikertzeko, artearen eta industriaren arteko harremanak aztertzeko. Italian ere izan zen, graduondoko bat egiten, eta han, diseinuaren garrantziaz konturatu zen. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren beste beka bat lortu zuen, Milanen, diseinua ikasteko, izan ere, tokirik garrantzitsuena zen diseinuaren munduan. Hiru urte eman zituen Italian, eta gero, Euskadira itzuli zen.

Harrezkero bere lehen margolanak erakusten hasi zen, eta 2000. urtearen lehen hamarkadaren amaieran hainbat lan jarri zituen ikusgai erakusketa-zentroetan. Bere lanetan gaur egungo gaiak eta gertaerak ikus daitezke.

Temas

Euskera