George Steiner: heterodoxo baten konpromisoa
Joxeme Lopez de Arana
Viernes, 20 de junio 2025, 01:45
Literaturaren arloan, beti harritu naute itzal handiko jakintsu eta poligrafoek, haien ikuspegi zabalak eta jakituria mugagabeak. Eskukada bat jakintsu aipatuko nuke, haien idazlan sakonak eta gogoeta distiranteak. Gaurkoan, ordea, haietako bati buruz mintzatuko naiz, literaturaren eta haren kritikaren alorrean ez ezik, gizartea ikusmiratzeko zereginean ere berezia iruditzen zaidalako: George Steiner. Formazio filologikoak tradizio klasikoaren ezagutza gutxi-asko sakona ekarri ohi du berekin. Literatura eta testuinguru greko-latindarrarena, besteak beste. Ezagutzen dugun kulturaren oinarria hartan dagoelako onarpenetik eta oinarri hura miretsi eta maitatzeko abiatu zen Steiner.
Hizkuntza-zaletasuna, sehaskatik baitatorkio, oinarrizkoa izan zen garatu zuen zereginean. 1929an Parisen jaioa, frantsesez, ingelesez eta alemanez hazia izan zen. Gainera, esaten denez, sei urte zituela, aitak 'Iliada' grekeraz irakurtzen trebatu zuen. Austria aldeko judutar familia batekoa izanik, gainera, yiddishez ere moldatuko zela suposatzekoa da. Literatura-ikasketekin batera, beste zenbait hizkuntzaren jabe egin zen, hala nola italierarena. Berak aitortzen duenez, izan zen hizkuntza bat gogorra eta are ezinezkoa egin zitzaiona: matematikarena (Gerra Hotzaren garai hartan, fisika nuklearra ikasi nahi izan zuen, eta Princeton unibertsitatean Robert Oppenheimer ezagutu zuen, baina matematikan kale, eta hura gabe ezin aurrera egin).
Bere bizitzan zehar, George Steiner hizkuntzaren eta literaturaren inguruko jarduera askotan aritu zen: irakasle, hainbat unibertsitatetan; hitzaldi-emaile han eta hemen; literatura-sortzaile eta, batez ere bigarren graduko literatura-idazle. Azken zeregin horretan, literatura-kritikan, alegia, egunkari ospetsu batzuetako gehigarri literarioetan garatu zuen bere jakituria: The Times Literary Supplement, The New York Times, The Economist, The New Yorker, The Observer…
Steiner-en saiakera-lanik ezagunen, aipatuen eta famatuena 'After Babel: Aspects of Language and Translation' (1975) da. Han erakutsi zuen bere erudizioa eta hainbat hizkuntzaren ezagutza, munduan diren 20.000 hizkuntzetako barne- eta kanpo-harremanetan den-dena itzulpena dela frogatzeko ahaleginetan. Babelgo mitotik abiaturik, arrazoia ematen dio hizkuntzen «nahasketa» eragin zuen jainkoari, aldezten duelarik hizkuntza-aniztasuna komunikatzeko ez, baizik eta askotariko komunitateen sekretuak atxikitzeko baliatu zela. Haiek deszifratzeko, deskodetzeko gauza ziren pertsonak, hortaz, xaman modukoak ziren: itzultzaileak.
Periferietatik etorritako konpromisoa
Halako pertsonaia handien ezaugarri negatibo bat suminkortasuna izan ohi da, beharbada mundua norberak bezain garbi ikusten ez dutenen kontrako erreakzio gisa. Ezaugarri positibo bat, berriz, apaltasuna. Bi-biak betetzen ziren George Steiner-en kasuan. Betiko lagunekin haserretzera eraman zuen odolberotasuna alde batera, haren apaltasunaz hitz egin dezagun.
Erabat jabetzen zen hainbeste maite zuen literatura iruzkintzeko lanaren nolakotasunaz. Sortzaile handiak, haren iritziz, dohain gorenen jabe dira, baina inork ez daki dohain horiek nola esleitzen diren. Zergatik pertsona batzuk obra handiak sortzeko gai diren, eta beste batzuk, asko saiatu arren, berriz, ez: «Inork ezin du azaldu metamorfosirako inspirazio-ukaldia eragiten duten neurona-sinapsiak, eta errealitatea eraldatzen duen berebiziko sena zertan diren. Pentsatu dut bidegabea dela gu saiatzea, berriro saiatzea, beste ahalegin bat gehiago egitea, handien lorratzari jarraitu ahal izateko soilik, baina sekula haien mailara iritsi ezinean, haiek desberdinak direlako».
Hori dela eta, oso garbi zeukan literaturaren iruzkingile- edo kritikari-lana «bigarren mailako» idazketa dela («literatura sortzen duenaren eta hura iruzkintzen duenaren arteko distantzia ontologikoa da») eta, hortaz, bitartekaritza lan hori «parasito» batenarekin konparatzen zuen, bere lankideen haserrerako: «Unibertsitateko lankideek inoiz ez didate barkatu horrela pentsatzea: baroi askok eta kritika akademiko mota jakin batek ez dute begi onez ikusi haiek hizpide hartzen zituzten idazleak baino garrantzitsuagoak izan nahi izateari iseka egitea nik». Horretan aldarte nabarmen desberdina erakutsi zuen ia aldi berean jaio eta ia aldi berean hil zen beste kritikari handi batekin, Harold Bloom-ekin, konparatuz. Steiner-entzat ulertu eta interpretatzeko ahalegina zena, Bloom-entzat epai apelaezina zen.
Literatura-kritikaren arloan bere burua periferian kokatu nahi izan zuen era berean, konpromiso politiko-sozialean ere ortodoxiatik aldendu eta bere etikak posizio deseroso bat aukeratzera eraman zuen, gaurkotasun handiko afera batean bereziki. Izan ere, judua izanagatik ere, antisionistatzat zeukan bere burua. Judu europarren leinukoa izanik, arbuiatu egiten zuen juduak bizirauteko «tortura gobernu-praktika normaltzat duen eta leporaino armatutako nazio-estatu bat sortu izana», eta ezinezkotzat jotzen han bizitzearen ideia. Sinez uste zuen juduen esentzia eta benetako identitatea diasporan eta erbestean dagoela.
Jarrera horrek, pentsatzekoa denez, arazoak ekarri zizkion: «Antisionista naiz (horregatik oso prezio handia ordaindu dut, hainbesteraino non imajinaezina iruditzen baitzait Israelen bizitzeko aukera) eta gorrotatu egiten dut nazionalismo militantea». Leporatu zizkioten gauzen artean, bere Cambridge-ko etxetik eroso kritikatu izana zegoen, eta onartu egin zuen: «Badakit zein merkea eta erraza den Israel kritikatzea haren zama eta etengabeko arriskuak bere egiteko prest ez dagoen batentzat». Horrek, gaur egun Israelen izugarrikerien kontrako aldarria egiten dugun asko eta askoren posizio berean kokatzen duelarik, inoiz ez zuen Steiner-en argudioen indarra gutxietsi.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.