https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Joxean Artzeren artxiboa eman diote Koldo Mitxelena Kulturuneari, haren «obra zaindu eta jakitera emateko konpromisoarekin»

Joxean Artzeren artxiboa eman diote Koldo Mitxelena Kulturuneari, haren «obra zaindu eta jakitera emateko konpromisoarekin»

Karmen Esteban alargunak Gipuzkoako Foru Aldundiari eman dizkio Artzeren lanik esanguratsuenak: dokumentazio pertsonala (argazkiak, ziurtagiriak, txartelak), korrespondentzia, laneko paperak eta dokumentuak, eta lan poetikoarekin zerikusia duten objektuak

AMALIA IBARGUTXI

Urte bat igaro da Joxean Artze idazle eta musikari gipuzkoarra hil zenetik, eta bere familiari adierazi zion nahiari erantzunez, Karmen Esteban alargunak Aldundiari eman dizkio Artzeren lanik esanguratsuenak. Zehazki, haren idatziak eta haren figurari buruzko azterlan kritikoak biltzen dituzten dokumentuak gehituko dituzte Koldo Mitxelena Kulturunean lehendik zeuzkaten hirurogeita hamar argitalpen baino gehiagori.

Gipuzkoako Aldundiak Artzeren liburutegiaren funtsak eskuratu ditu, olerkariaren «obra zaindu eta jakitera emateko konpromisoarekin». Jaso duten liburu-funtsaren zati handi bat euskal kultura tradizionala eta metafisikari eskainitakoa da, bere bizitzako azken sorkuntza aroan garatutako interes espiritual sakonaren erakusle.

Horrez gain, dokumentazio pertsonala (argazkiak, ziurtagiriak, txartelak, korrespondentzia, laneko paperak eta dokumentuak, eta lan poetikoarekin zerikusia duten objektuak jaso ditu Aldundiak, besteak beste. Dokumentuek babestu beharreko ondare bibliografiko bat osatzen dute, azaldu dutenez, «liburuak idazlearen intereseko gaien erakusgarri» direlako. Bestalde, artxibo pertsonala «jarduera intelektual bizi baten eta azkenera arte izan zuen lan egiteko metodo bereziaren» adierazgarri da.

Dokumentu horietan, Artzeren aztarna antzematen da, eta bildumaren objektu osagarriek artistaren lan poetiko eta musikalaren eszenaratzearen inguruko informazioa ematen dute.

Aldundiak azaldu duenez, dokumentazioak berezko duen balioaz gainera, Joxean Artzeren funts bibliografikoak interes «berezia» du, Koldo Mitxelena Liburutegian gordeta dauden euskal kulturaren inguruko beste funts batzuen osagarri delako, hala nola, Xabier Leteren bildumarena. Biak ala biak 'Ez dok Amairu' taldeko kide izan ziren eta harreman estua izan zuten. Herri Irratiaren funtsa eta Antonio Zavalarena ere baditu Koldo Mitxelenak.

Gainera, jakinarazi dute Foru Aldundiak, Mikel Laboa Katedrarekin lankidetzan, ikerketa-beka bat sortu duela Joxean Artze izenekoa, doktorego tesi bat egiteko XX. mendeko euskal poesia eta literaturari buruz. Udaberria baino lehenago jakinaraziko dira oinarriak, eta proiektu hautatuak 22.000 euro jasoko ditu lehenbiziko urtean.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos