Borrar
Joxan Artze bere etxean, aurrean olerkiak dituela. Era horretara gordetzen zituen. Juantxo Egaña
Hil da Joxan Artze, tradizioari atxikitako artista berritzailea

Hil da Joxan Artze, tradizioari atxikitako artista berritzailea

Ez Dok Amairuren sortzaileetako bat izan zen, 'Txoria txori' eta 'Gure bazterrak' bezalako kantuen letragilea eta txalapartaren berpizkundearen aita

felix Ibargutxi

Sábado, 13 de enero 2018, 00:38

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Joxan Artze poeta eta txalapartaria, Ez Dok Amairuren sortzaileetakoa, hil zen atzo 78 urte zituela. Hileta elizkizuna gaur 19.00etan izango da, Usurbilgo parrokian.

1939ko apirilaren 6an Usurbilen (Gipuzkoa) jaioa, XX. mendeko bigarren erdiko poeta originalenetakoa izan zen Joxeanton Artze 'Hartzabal' eta 'Hartzut'. Haren olerki batzuk oso-oso ezagunak egin ziren kantu-letra bihurtu zituelako Mikel Laboak. 'Txoria txori' abestiak adibidez, Artzeren letra zeukan. Baita ere, 'Gogo eta gorputzaren zilbor hestea', 'Zaude lasai', 'Martxa baten lehen notak', 'Gure bazterrak', 'Besterik ezagutu ez eta' eta 'Ama hil zaigu'.

Gazte denboran zenbait urte Europan barrena –Paris, Estokolmo, Ingalaterra– eman zuen, Jose Luis Zumetarekin batera. Abanguardiak ezagutu zituen orduan. Euskal Herrira itzuli eta 1965ean Ez Dok Amairu taldea sortu zuen Jexux anaia eta, besteak beste, Xabier Lete, Jose Angel Irigaray, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo eta Benito Lertxundirekin elkarlanean.

Oso deigarria izan zen Artze anaiek (Joxanek eta Jexuxek) txalaparta berreskuratu eta eguneratzeko egin zuten ahalegina. 1960ko hamarkada erdi aldera izan zen. Orduan galtzeko zorian zegoen musika-tresna hau, Zuaznabartarrek eta Goikoetxeatarrek baino ez zekiten jotzen, eta Artzetarrek Lasarte-Oriako Sasoeta baserrira jo zuten, Migel eta Pello Zuaznabarrengana, jotzen ikasteko.

Txalapartaren modernizazioan paper oso garrantzitsua jokatu zuten Artzetarrek. Ez Dok Amairuk –artean izen hori plazaratu gabe– egindako aurreneko bi kantaldietan –1966ko urtarrilaren 9an Hernanin, eta 1966ko urtarrilaren 23an Donostiako Victoria Eugenia antzokian–, Zuaznabar anaiak aritu ziren txalaparta jotzen. Hirugarrengoan –Irunen, martxoaren 6an–, Artze anaiek hartu zuten lekukoa. Ondorengo emanaldian –Ez Dok Amairu izenarekin egindako aurrenekoan, Zumarragan, martxoaren 19an– trajez eta gorbataz jantzita jo zuten Artze anaiek, txalapartaren duintasuna aldarrikatzeko. Emanaldi horien ondoren, Jexux ere Ez Dok Amairuren bileretan parte hartzen hasi zen.

Hain zuzen ere, Artze anaiak izan ziren lehenak txalaparta-diskoa grabatzen. 1968an izan zen, eta 'Txalaparta' izenez bataiatu zuten emaitza.

1969an Rikardo Arregi hil zen, kotxe-istripuz. Andoaingo kanposantuan azken egurra ematen ari zirela, bat-batean txalaparta-hotsa entzun zen. Jendea harri eta zur gelditu zen. Artze anaiak ziren, eta une hartan balio sinboliko guztiz berri bat hartu zuen musika-tresnak. Jexux Artze sei urte gazteagoa zen Joxan baino, eta 2002an hil zen.

Artzek utzitako ondareetako bat esaldiak dira. Besteak beste, bi esaldi esanguratsuok utzi zituen: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakienak ikasten ez duelako, dakienak hitzegiten ez duelako baizik»; eta «Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik».

Halaber, JoxanArtze gogotik nabarmendu zen poesia aretoetara eramate kontuetan. 'Baga, biga, higa' (1969) eta 'Ikimilikiliklik' (1970ko hamarkadaren hasieran) ikuskizunen bidez, plazara nahiz antzeztokira eraman zuen olerkia, askotan musika eta dantzarekin lagunduta.

Bi aro poesian

Artzeren poesia-ibilbideaz hitz egitean, kritikak bi aro nagusi bereizi ditu: lehenengoa, 1969tik 1979rakoa; eta bigarrena, 1987tik orain artekoa. Bi aroen artekoak isiltasun urteak izan ziren.

1969an kaleratu zuen Artzek lehen poema-bilduma, 'Isturitzetik… Tolosan barru' izenburuaren pean, eta egilea bera izan zen argitaratzailea.

Euskal Herriko Unibertsitatearen 'Euskal literaruraren hiztegia'-n irakur daitekeenez, opera prima horren ezaugarri nagusienetakoa, nagusiena ez bada, autoreak formari eman zion garrantzia da. Edukia ez ezik, liburua bera objektu estetikoa zen, artelana. Edukia Isturitzetik Tolosara Euskal Herrian barrena egiten den bidaia legez aurkeztu zuen autoreak, geldiune bakoitzean poema bat eskainiz. Bidaia horren mapa da, hain zuzen ere, liburuko aurkibidea.

«Aipagarria da testuen eta hitzen zein testuen eta irudien arteko loturak zer nabarmenak diren, autorearen joera metaliterarioa tarteko –adierazi zuen Euskal literaturaren hiztegiak–. Hoskidetasunekin, (txalaparta-) erritmoarekin, kaligramekin, koloreekin, irudi eta irudien formekin, collageekin literatur jokoa aurkezten du Artzek: zenbait poema irakurtzeko ispilua beharko du irakurleak, inoiz orrialdeetan dauden ebakiak zabaldu barruan dagoena irakurri ahal izateko, testua erakutsi eta ostendu egiten duten gurpilak biratu, eta abar. Umore beltza, ironia eta irakurlea harritzeko eta bidegurutzera eramateko abilezia dauka usurbildarrak. Abangoardietatik, Chillida eta Oteiza eskultoreen obretatik nahiz milenarismo eta Garnierren espazialismotik hurbil kokatu izan da Artzeren lehen lan hau». 2007an berriro publikatu zen Artzeren lehenengo liburu hau.

Handik lau urtera liburu bikoiztua argitaratu zuen Artzek, eta autorea argitaratzaile izan zen ordukoan ere: 'Laino guztien azpitik…' (1973) eta '…eta sasi guztien gainetik' (1973). Izenburuek sorginei euskal tradizioan egotzi izan zaien esaldia biltzen dute, hau da, lehenengo obran agertutako zenbait balio berreskuratu eta garatu egiten dira hauetan ere, aurreko liburuko giroan sakondu egiten da. Are gehiago, 1973ko lanotan agertzen diren zenbait poema 'Isturitzetik… Tolosan barru' lanean argitaratu ziren lehendabizi.

1979an argitaratu zen Artzeren poesiako ziklo experimentalista ixten zuen lana: 'Bide bazterrean, hi eta ni kantari'. Koldo Izagirrek 2001ean «poema fisikoki irakurleak berak idatziz haurtzaroko hitzaganako lilura berreskuratzeko jostailua» esaldiaz definitu zuen liburua. Muturreraino eraman zuen usurbildarrak formarekiko zeukan obsesioa, hain muturreraino non irakurlei eurei eskatzen baitzitzaien poemak irudiak lotuz idazteko.

Zortzi urteko isilaldiaren ostean bere obra mardulena argitaratu zuen: 'Ortzia lorez, lurra izarrez' (Elkar, 1987) izenburupean. Jon Kortazarrek autorearen liburu borobilenatzat jo zuen. Artzek forma eta itxurari aurreko lanetan emaniko garrantzia baztertu eta edukian, mamian, jarri zuen indar handiena. Paradoxa, hitz-jokoa, simetria eta kontrajarpenak erabili zituen etengabe.

Bigarren isilaldi baten ostean, 1998an 'Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat' publikatu zuen, hau ere Elkar etxearen bidez. Azkenik, 2001ean 'Oihana auheneka' (Jazzle) disko-liburua argitaratu zuen.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios