https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Josu Zabalak eta Garik, Hertzainak taldeko kide ohiek, kontzertua iragarri dute 38. urteurrenagatik

Hertzainak taldea./
Hertzainak taldea.

Musika emanaldi bakarra eskainiko zuten irailaren 26an Bilboko Euskalduna Jauregian, baina lau ordutan sarrera guztiak agortu zituztenez, 'bolo' berria iragarri dute egun bat lehenago

UNAI SARRIUGARTE

Josu Zabalak eta Garik, Hertzainak taldeko kide ohiek, kontzertua egingo zutela iragarri zuten duela pare bat egun taldearen 38. urteurrena ospatzeko helburuarekin. Musika emanaldi bakarra izango zen Bilboko Euskalduna jauregian, irailaren 26an, baina sarrerak salgai ipini eta lau ordu beranduago agortu zirenez, beste kontzertu bat ematea erabaki dute. Bolo berri hori egun bat lehenago izango da, hots, irailaren 25ean. Bi kontzertu horietan taldearen ibilbidean burututako sei diskoen abestiak eskainiko dituzte. Emanaldi berezi hauen izenburua 'Inun baino alaiagoa izanen da' izango da. Asteazkenean agerraldia egin zuten musika emanaldiaren inguruan xehetasun gehiago eskaintzeko, eta, ordu batzuk beranduago, sarrerak agortu zirela helarazi zuten prentsa ohar baten bitartez. Kontzertu berriaren berri eman zuten hor ere bai.

Esan bezala, 26 urteren ondoren, Hertzainak taldeko bi kide ohiak oholtza gainean ibiliko dira berriro ere. Izan ere, euskal rock erradikalaren musika banda honek 1993. urtean esan zien agur agertokiei Donostiako Anoeta Kiroldegian eskaini zuten kontzertu batean.

Debuta, Gabon zahar egunean

Hertzainak 1981. urtean Gasteizen jaiotako euskal rock taldea da. Musika bandaren abesti eta soinu hotsak euskal rock erradikala eta Euskadi tropikala delako mugimenduen barnean sartu ohi dira. Taldeak diskografia oparoa landu zuen: sei disko eta hiru single kaleratuz. Harrezkero talde honen kantuak famatuak izaten jarraitzen dute euskal lurraldean.

Taldearen debuta Gasteizen izan zen 1981. urteko Gabon zahar egunean. Hertzainak The Clash taldearen euskarazko bertsio batekin hasi zen jotzen. Bandaren lehenengo diskoetan Euskal Herriko egoera sozio-polikoa islatzen zuten punkaren, skaren eta reggaeren erritmo dantzagarriak uztartuz.

Hasierako taldekideak Josu Zabala Ajuriagerra, Kurro, Delfo, Txanpi eta Kike ziren. 1982ko udan, berriz, Xabier Montoia 'Gamma'-k taldea utzi eta Gari sartu zen taldean. Aipatu dugunez taldea 1993. urtean desagerrarazi zen. Edonola ere, taldeko hainbat kidek egun bere ibilbide ezberdinei ekin diote: Txanpi Doctor Deseo taldean, Gari bakarka eta Josu Zabala Ajuriagerra Zazpi Eskale eta Gu ta Gutarrak taldeetan esaterako.

Euskaraz landutako rocka ulertzeko ezinbesteko taldea da Hertzainak. Hasierako urteetan punk erritmo britainiarren eta rock giro klasikoaren erreferentzia nabarmenak ikusten dira. Era berean, ska erritmoak eta folk kutsuko melodiak jorratuz.