https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Josu Martinez ikerlariaren 'Jainkoak ez dit barkatzen' filma, asteazkenean, Oihaneder Euskararen Etxean

Filma Martin Ugaldek Lezo Urreiztietari grabatutako 35 orduko elkarrizketa batean oinarrituta dago

PAUL PICADO

Datorren asteazkenean EHUko ikus-entzunezko Komunikazio saileko ikerlaria den Josu Martinezek zuzendutako «Jainkoak ez dit barkatzen» filma izango da Oihaneder Euskararen Etxean (Gasteizko Kafe Antzokian). Filma 19:00etan hasiko da, eta euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez da. Iraupenari dagokionez, 60 minutukoa da.

Filma Martin Ugaldek Lezo Urreiztietari 1975. eta 1978. urteen artean egindako 35 orduko elkarrizketa luze batean oinarritzen da. Elkarrizketa hori ez da inoiz argitaratu, eta XX. mendeko euskal historian garrantzitsua izan zen Lezoren lekukotasunaren berri ematen du. Lezok berak bere bizitza kontatzen du, eta Martin Ugalderen magnetofonoari esker, protagonistaren benetako ahotsa entzun dezakegu.

Lezo 1907. urtean jaio zen itsasgizona izan zen, baina XVI. mendeko pirata bat izan zela ematen du. Bere bizia arriskuan jarriz hainbat pertsona salbatu zituen. Horrez gain, atzerriko gobernuekin Euskal Herria librea izan zedin negoziatu zuen. Bestalde, Espainiako Gerra Zibilean 17 itsasontzi armaz beterik ekartzea lortu zuen. Filmean bere bizipenak eta ametsak kontatzen dira eta Euskadiko eta Euskaditik kanpoko hainbat aretotan ikusgai egongo da.

Josu Martinez zuzendariak film honez gain, beste dokumental batzuk ere idatzi eta zuzendu ditu, hala nola «Itsasoaren alaba» (2009), «Sagarren denbora» (2010), «Prohibido recordar» (2010) eta «Gure Sor lekuaren bila» (2015). Horiek guztiak Donostiako Zinemaldian estreinatu zituen. Bestalde, «Barrura begiratzeko leihoak» dokumental kolektiboan parte hartu zuen. Aurten, «Ama» film laburra zuzendu du.