https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

José Palazón eta Juan José Aguirre aktibisten lana aitortuko du René Cassin giza eskubideen sariak

Juan José Aguirre komunitateko ahulenen alde egiten du Bangassouko elizbarrutian, Afrika Erdiko Errepublikan./DV
Juan José Aguirre komunitateko ahulenen alde egiten du Bangassouko elizbarrutian, Afrika Erdiko Errepublikan. / DV

«Gizarteko pertsonarik ahulenen giza eskubideak nola urratzen diren agerian utzi dutelako» emango diete saria. Palazónek Melillako migratzaile eta errefuxiatuekin egiten du lan, eta Aguirre, bestalde, apezpikua da Bangassou Afrika Erdiko Errepublikan, eta bertako biztanleen eskubideen alde egiten du lan

AMALIA IBARGUTXI

José Palazón eta Juan José Aguirre aktibista eta giza eskubideen defendatzaileei emango die aurten René Cassin saria Eusko Jaurlaritzak «gizarteko pertsonarik ahulenen giza eskubideak nola urratzen diren agerian utzi dutelako». Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira egiten den sari banaketa astelehenean, abenduaren 10ean, egingo da.

Palazón, Haurren Giza Eskubideen alde lan egiten duen Prodein elkarteko sortzailea da, eta errefuxiatuen eskubideen alde gogor egiten du lan Melillan, Europar Batasunaren hegoaldeko mugan bizi diren giza eskubideen urraketa larriak ikusarazteko eta salatzeko ahaleginetan.

Aguirrek, bestalde, komunitateko ahulenen alde egiten du Bangassouko elizbarrutian, Afrika Erdiko Errepublikan. Apezpikua da han. Erlijioen artean elkar ulertzeko batzordeak eratzea lortu du, emakumeen bizi-baldintzen hobekuntza-lanak garatzea eta, halaber, bere herriari duintasunez bizitzea eragozten dioten interes ekonomikoak salatzea lortu du.

Epaimahaiaren epaiaren arabera, bi pertsona horiek «funtsezkoak dira, eta beren esku hartu dute bazterkeriaren, ulertezintasunaren, gaixotasunaren, marjinazioaren, hondamen ekonomikoaren, bakardadearen eta jazarpenaren aurrean ahulenak diren pertsonen halabeharra».

Iaz, orokorrean Afrikako, eta zehazki, Ugandako LGTB pertsonen eskubideak bermatzeko lan egiten duen Sexual Minorities Uganda erakundeari eman zioten saria, orientazio sexual edo genero identitateagatik diskriminaziorik ezin daitekeela egin errebindikatuz.

René Cassin saria izen bereko baionarraren omenez sortu zuen Jaurlaritzak. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusitzat hartzen da. 1968an Bakearen Nobel Saria jaso zuen. 2003an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak saria, «giza eskubideak sustatzearekin, babestearekin eta hedatzearekin duten konpromisoa erakusten duten pertsonen edo taldeen lana publikoki aintzatesteko eta saritzeko helburuarekin».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos