https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jose Luis Ansorena donostiar musikaria zendu da

Jose Luis Ansorena donostiar musikaria zendu da

Errenteriako Musikaste jaialdiaren eta Musikaren Euskal Artxiboaren sortzailea izan zen

UNAI SARRIUGARTE

Jose Luis Ansorena donostiar musikaria pasa den asteazkenean hil egin zen. Donostiako Musika Kontserbatorioan egin zituen harmonia, konposizio eta piano ikasketak Luis Urteaga eta Beltran Pagola musikariekin batera. 1953an, berriz, apaiz ordenatu eta apaiz eta musika ikasketak burutu zituen Altsasuko kaputxinoetan. Ondorengo urteetan San Antonio izeneko abesbatza sortu zuen Iruñea eta Zaragozan.

Behin Euskal Herrian bueltan Errenterian aritu zen herriko abesbatza zuzentzen. Bertan, Andra Mari Abesbatza eta Parrokiako Gaztedia sortu zituen 1966. urtean. Gainera, 1973an Errenteriako Musikaste jaialdia sortu zuen. Harrezkero 46 edizio burutu dira eta bertatik 200 musika obra baino gehiago pasa dira. Jaialdi honek euskal autore eta musikagileen aldeko konpromisoa berrestea du helburu.

Urtebete beranduago Eresbil Euskal Ereslarien Bilduma sortu zuen Errenterian, egungo, Musikaren Euskal Artxiboa. Artxibo hau Euskal Herriko konpositoreek ekoitzitako obra bildu, jaso eta zabaltzeko helburuarekin sortu zen. Artxibo honek garai guztietako musikarien partiturak biltzen ditu, 200.000 inguru.

Ansorenak euskal musikarekin zerikusia duten musikagileei buruzko ikerketa, artikulu, liburu edota zenbait katalogo idatzi ditu, hala nola, Aita Donostiaren biografia, txistua eta txistulariei buruzko monografia eta baita Jose Maria Usanditzaga, Pablo Sorozabal eta Aita Donostiaren musika katalogoak ere. Era berean, musika erlijioso eta koru musikaren sortzailea da.

Bestalde, gipuzkoar musikagileak Txistulari aldizkarian eta Euskor Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren buletinean zenbait artikulu idatzitakoa da. Izan ere, musikari aparta izateaz gaindi, idazle ederra ere bazen. Gehienbat, musika erlijiosoa ondu zuen Ansorenak, eta ondare ederra utzi du musikagintzan.

2011. urtean Jose Luis Ansorenak Manuel Lekuona Saria jaso zuen Eusko Ikaskuntzaren eskutik, musikaren alorrean bere bizitza osoan egin zuen ekarpen eta lanengatik. Gipuzkoako Foru Aldundian ospatu zen ekitaldian Andra Mari abesbatzak hartu zuen parte.

Temas

Euskera