https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jim Jones & The Righteous Mind eta Los Nitxos taldeen boloa, larunbatean, Hell Doradon

Kontzertua 23:00etan hasiko da, baina aretoko ateak 22:00etan irekiko dituzte

PAUL PICADO

Datorren larunbatean kontzertu bikoitza izango dugu Hell Dorado klubean: alde batetik, Jim Jones & The Righteous Mind taldea, eta bestetik, Los Nitxos gasteiztarrak. Aretoko ateak 22:00etan irekiko dituzte eta kontzertua handik ordubetera hasiko da, 23:00etan. Sarrerak ohiko lekuetan eros daitezke: leihatilan (20 €-ren truke) edo aldez aurretik, Interneten (18 € , gehi kudeaketa-gastuak). Bazkideentzat 16 € balioko du sarrerak.

Jim Jones taldea batik bat aurreko musika proiektuengatik da ezaguna, hala nola Jim Jones Revue, Black Moses, Thee Hypnotics, eta Estatuan harrera ona izan dute beti. Oraingoan disko berria plazaratu du, estudioko bigarrena: «CollectiV». Diotenez, diskorik gogorrenetakoa da, eta jatorrizko garage rockera itzuli da.

Azken bi urteetan hiru EP eta LP bat kaleratu ditu eta azken lan honetan The Righteous Mind taldearen laguntza izan du. Esan bezala rock & roll zikin, kaotiko eta sutsuena nagusi da abestietan, eta soinuari dagokionez, soinu trinkoa erabili du.

Bestalde, Los Nitxos talde gasteiztarra beste talde batzuetatik etorritako musikariek sortu zuten. 2010. urteko ekainean debuta egin zuten taldeko Hugo arduraduna zen Ibu Hots aretoan. Urte bereko azaroan, lagun batek han lan egiten zuela aprobetxatuta, Londresko Scar estudioetan sartu ziren sei abesti grabatzeko. Horrela, ordu erdiko maketa bat kaleratu zuten 2011ko martxoan.

Diotenez, gaur egungo garageren (Grinderman, Dirtbombs, Jon Spencer, Baby Woodrose), post-punkaren (Alan Vega, Alien Sex Fiend, Love & Rockets, The Fall) edo noise-ren (Sonic Youth, The Walk On By, My Bloody Valentine o Th'Faith Healers) eragina dute abestietan.