https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jolas didaktikoa sortu dute ardi latxaren inguruan ikasteko

Jolas didaktikoa sortu dute ardi latxaren inguruan ikasteko
Rafa Gutiérrez

'Latxa ardia' jolasa plazaratu dute artzaintzaren ofizioari ikusgarritasuna emateko. Jokalariek, ardien bila baserritik irten eta gazta egiten amaitu behar dute

AMALIA IBARGUTXI

'Latxa ardia' jolas didaktikoa sortu du Gema Arrugaeta argazkilariak euskal gaztagileen egunerokotasuna erakutsi eta ofizioari ikusgarritasuna emateko asmoz. Horrela, artzainen egunerokotasuneko egoerak ezagutzeko aukera izango dute jokalariek, ardien bila baserritik irten eta gero gazta egiten amaituko dute. Durangoko Azokan aurkeztu zuten lehenengoz, baina orain egin du Arrugaetak prentsaurrekoa, Bilboko Bolsan.

Idiazabal Jatorri Deiturak eta Baserria KmO-k sortu dute mahai-jolasa, Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearen, Nafarroako Gobernuaren eta Lakuaren babesarekin. Antzara-jokoaren eta partxisaren arteko nahasketa bat da jolasa, baserri mundura moldatuta. Gazta egiten aurrena amaitzen denak irabaziko du jolasa.

Gazta egiteko prozesuan, pausoz pauso ezagutu eta egingo ditu jokalariak lau gazta mota: Erronkari, Idiazabal, Ossau Irati eta gazta urdina. Gazta horiek egin ahal izateko artzaintzarako leku eta lanabesen berri ere izango dute jokalariek. Gazta egiteko prozesu horretan, baina, gorabeherak izango dituzte jokalariek, eta hainbat egoera topatuko dituzte bidean, ibilbidea erraztu edo oztopatuko dietenak.

Jose Maria Uztarroz Idiazabal Jatorri Deiturako presidenteak aurkezpenean adierazi duenez, jokoaren «helburua dibulgazioa da, ofizio honen eta historiaurretik gurekin dauden animalien inguruko kultura zabaltzea eta gurea den tradizio honen balioa nabarmentzea eta babestea», nabarmendu du.

Adin guztietako lagunei dago bideratuta 'Latxa ardia' mahai jokoa, eta euskara zein gaztelaniazko bertsioak sortu dituzte, denek modu didaktiko eta atsegingarrian ikasteko aukera izan dezaten. Guztira, 1.000 ale plazaratu dituzte, bakoitza 19,5 euroan salgai.

Temas

Euskera