Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldia, Euskararen Etxean

Azkue Fundazioak eta Game Erauntsia euskal bideojokalarien komunitateak elkarlanean antolatutako ekimena azaroaren 15ean izango da

Martes, 4 de noviembre 2025, 10:24

Beti da dibertigarria kontsolaren aurrean esertzea makinaren aurka edo gure ondoan eserita dagoen beste jokalari baten kontra lehiatzeko. Azkenaldian ere ohikoa da ezagutzen ez ditugun beste pertsona batzuen aurka online jokatzea. Eta jarduera hau egiten dugun bitartean euskara ere presente dagoela erakusteko, duela urte batzuk Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldia jarri zen abian, Azkue Fundazioak eta Game Erauntsia euskal bideojokalarien komunitateak elkarlanean antolatua. Azaroaren 15ean, zortzigarren edizioa ospatuko da Bilboko Euskararen Etxean.

Publicidad

Egitaraua 09.45etik 13.00etara izango da, eta lau hitzaldi eta mahai inguru bat izango ditu euskal bideojokogintzaren esparru anitzak aztertzeko. Ekimenaren arduradunek astelehen honetan egindako aurkezpenean azaldu zutenez, bideojokoei lotutako denetariko gaiak aurkeztea eta horien inguruan hausnatzea izango da ekimenaren helburua. Horrela, ekimenean «Euskal Herritik ezagutzeko daukaguna» agerian jartzen saiatuko dira, beste behin, bideojokoak eta euskara uztartuz.

Hasteko, Asier Garatxena bideojoko garatzaileak Gaua Games estudio bilbotarraren sorkuntza eta lehen pausoak azalduko ditu. Bigarrenik, Naiara Ordorika proiektu kudeatzaileak Nintendo of Europe enpresan bizitakoak laburbilduko ditu, hainbat urtez QA Tester zein Software Localisation Producer lanpostuetan aritu ondoren.

Hirugarrenik, Eneko Azedo sortzaileak 'Adur. Azken Erronka' rol jokoaren garapenari buruz hitz egingo du, mota horretako jokoek bideojokoekin daukaten harremanean sakonduz. Hitzaldiekin bukatzeko, Jon Juarez diseinatzaileak marrazkilaritza eta animazioa izango ditu ardatz bere saioan, bideojokoen munduan arte kontzeptuala sortzen ibili baita.

Jardunaldia amaitzeko, mahai ingurua izango da Digipen Europe-Bilbao Institute of Technology ikastegiko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuko ikasleen parte hartzearekin.

Publicidad

Euskarazko bideojokez gozatu

Jardunaldiak iraun bitartean, euskarazko bideojokoez gozatzeko aukera egongo da etxeko txikienentzat, eta, 'Gamer Gela' ekimenaren bidez, gaur egun Game Erauntsia elkartearen euskarazko bideojokoen zerrendan aurkitzen diren tituluetako batzuk ezagutuko dituzte haur eta gaztetxoek, bideojokoak gure hizkuntzan ere aurkitzen direla aldarrikatuz. Bukatzeko, 2021., 2022. nahiz 2023. urteetako edizioetako hitzaldiak biltzen dituen Jokotekniaren bigarren liburua aurkeztuko da topaketan.

Azaroaren 15ean Euskararen Etxera hurbildu ezin direnek aukera izango dute jardunaldia zuzeneko 'streaming' bidez jarraitzeko EITBren webgunetik zein YouTube plataformatik.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad