https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jokabide arazoak taldean hitz eginez zuzendu daitezke

Pertsona batzuk, taldean hitz egiten./Fotolia
Pertsona batzuk, taldean hitz egiten. / Fotolia

EHUko ikerketa talde batek Basurtuko ospitalearekin elkarlanean burututako ikerketak ondorioztatu duenez, «gazteek aitortzen dute prestakuntza-taldetik pasatzean hobera egiten dutela jokabide-arazoek eta sintomatologiak.»

AMALIA IBARGUTXI

Jokabide arazoak haurtzaro amaieran eta nerabezaro hasieran garatu ohi dira gehien. Azken urteotan, besteak beste krisiak areagotutako desberdintasunen harira, arazo horiek garatutako gazte-kopuruaren hazkundeaz ohartarazi dute, batez ere, buru-osasunari buruzko lanak egin dituzten zenbait komunikabidek. Nerabe horien jokabide-arazoak artatzeko terapia garatu du orain EHUko ikerketa talde batek, Basurtuko ospitalearekin elkarlanean.

Frogatu ahal izan dutenez, jokabide-arazoak dituzten nerabeentzat tresna eraginkorra da Jokabide Terapia Dialektikoaren (JTD) araberako trebetasun psikosozialetarako prestakuntza. Marsha Linehan psikologoak sortu zuen terapia horrek mugako nortasunaren nahasmendua tratatzen du berez, eta hainbat osagaik osatzen dute. Horietako bat da paziente-taldea trebetasun psikosozialetarako prestatzea, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko Haur eta Gazteen Psikiatria Unitatean 2010eko urtarriletik ari direna egiten.

Eva Sesma Pardo Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko Haur eta Gazteen Psikiatria Unitateko mediku psikiatra eta ikerketaren egileetako batek azaldu duenez, «bibliografia ugari dago ikuspuntu kuantitatibotik frogatzen duena terapiaren osagai jakin hori eraginkorra dela jokabide-arazoak dituzten nerabeen sintomatologia murrizteko, baina orain arte, bibliografiarik ez zegoen eginda JTDaren trebetasun psikosozialetarako prestakuntzaren ebaluazio kualitatiborik» eta hori izan da, hain zuzen, ikerketako abiapuntua.

Osagai ugari ditu terapia horrek, hala nola paziente-talde bat trebetasun psikosozialetarako prestatzea (hori izan da ikerketako aztergaia), bakarkako psikoterapia, familiei bideratutako trebetasun psikosozialetarako talde-prestakuntza, telefono bidezko coachinga eta ikuskapen-taldea. Basurtukoa nerabe zein helduentzat JTD programa oso bat duen bakarra da.

Helburua: motibazioa piztea

Lortutako emaitzen artetik, ikertzaileek nabarmendu dute trebetasun psikosozialetarako prestakuntzaren (JTD) balorazio «oso positiboa» egiten dutela parte-hartzaileek. Sesmak adierazi duenez, «gazteek aitortzen dute prestakuntza-taldetik pasatzean hobera egiten dutela jokabide-arazoek eta sintomatologiak. Ziurtatzen dute JTDaren beraren izaera motibatzaileak lagundu egiten diela aldatzeko eta tratamenduan inplikazio aktiboa izateko motibazioa pizten. Ezinbestekotzat jotzen dituzte faktore horiek terapia eraginkorra izateko. Izan ere, aldatzeko motibaziorik gabe, terapiak ez du eraginik».

«Krisi-egoeratan ondoeza gobernatzeko gaitasuna eskuratzeaz gainera, gazteek adierazten dute taldeko esperientziari eta jasotako prestakuntzari esker aldaketa intrapsikikoak izaten dituztela, hala nola gogoeta-ahalmen handiagoa, eta horrek aukera ematen diela iraganean izan zituzten zailtasunei buruz teorizatzeko, bai eta orainaldia hobeto ulertzeko ere. Diotenez, aldaketa horiek taldeko terapia bukatu eta denbora batera ager daitezke», gaineratu du Sesmak.

Azkenik, parte hartu duen nerabe-taldeak berak gomendatzen du populazio osasuntsuan ere erabiltzea. Oso datu interesgarria iruditzen zaio hori Sesmari, «berriki JTDaren egokitzapen bat egin baita, eskoletako curriculum sozioemozionalean txertatzeko. Une honetan, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzua buru da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak diruz lagundutako proiektu pilotu batean. Horren helburua da Bizkaiko ikastetxe jakin batzuetako irakasleak curriculumaren egokitzapen horretan trebatzea, ondoren irakaskuntzan beste irakasgai bat bezala txertatzeko, eta, hala, ikasle nerabeei zenbait baliabide irakasteko, gai izan daitezen egunerokoan izan ditzaketen egoera zailetan edo askotariko arazoen aurrean era moldagarri batean jokatzeko. Hala, hobeto egongo lirateke, eta horrek eskola-emaitzak hobeak izatea eragin lezake», esan du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos