https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

John Singleton zinemagile eta AEBetako beltzen eskubideen babestzaile sutsua zendu da

John Singleton./
John Singleton.

Singletonek 24 urterekin zuzendu zuen bere lehenengo filma

UNAI SARRIUGARTE

John Singleton estatubatuar zinemagile eta AEBetako beltzen eskubideen babestzaile sutsua pasa den astelehenean hil egin zen 51 urte zituela. Boli Kostatik bueltatu zen duela hiru aste. Estatu Batuetara heldu eta berehala ondoezik sentitu eta ospitalera eraman zuten. Bertan garuneko isuri bat jaso eta koman zegoen harrezkero. Familiak medikuekin hitz egin eta gero pasa den astelehenean erabaki zuen bizirik eusten zuen makina itzaltzea.

Joe Singleton 1968. urtean jaio zen Los Angelesen. Kaliforniar zuzendari, gidoilari eta produktoreak beti izan du Estatu Batuetako komunitate beltza bere filmen hizpide. Izan ere, Spike Lee zuzendariarekin batera Estatu Batuetan beltzek jasandako bazterkeria, drogamenpekotasuna edota arrazakeria pantaila handietara eraman zuten lehenengo bi zuzendariak izan ziren.

Afroamerikar zinemagileak 20 filmetan hartu zuen parte: bost gidoigile bezala, sei produktore lanetan eta bederatzi zuzendari lanetan. Bere ibilbidean nabarmentzekoak dira Hollywoodeko ateak ireki zizkioten akziozko filmak: 'Poetic Justice' (1993), 'Higher Learning' (1995), 'Rosewood' (1997), 'Shaft' (2000), 'Baby Boy' (2001), '2 Fast 2 Furious' (2003) edota 'Four Brothers' (2005).

Boyz 'n the Hood (1991) filmarekin bereganatu zuen ospea Singletonek. Izan ere, 1991. urteko Oscar sarietan zuzendaritza onenaren eta gidoi original onenaren sarietarako izendatua izan baitzen. Oscar sarietan inoiz sari horretarako hautatuak izan direnen artean gazteena bilakatu zen. 24 urte besterik ez zituen izendapen hura jaso zuenean. Filme hau Singletonen debuta izan zen zuzendari lanetan.

Aipatu dugunez, bost lan egin zituen gidoigile lanetan: Boyz N the Hood (1991), Poetic Justice (1993), Higher Learning (1995), Shaft (2000) eta Baby Boy (2001). Produktore lanetan, berriz, sei filme izan ziren: Poetic Justice (1993), Higher Learning (1995), Shaft (2000), Baby Boy (2001), Hustle & Flow (2005) eta Black Snake Moan (2006).

Era berean, Michael Jackson pop erregearen 'Remember the Time' bideokliparen zuzendari izan zen. Afroamerikar zuzendariaren azken lana Estatu Batuetako Fox Premium Seriesek ekoitzitako «Snowfall» programa izan zen. Telesail honek crack drogak 80ko hamarkadan Los Angelesen jendean eragindako menpekotasunaren inguruan datza.

Amerikar zine akademiak eta estatubatuar zine eta telebistako hainbat izarrek: Mark Wahlberg, Viola Davis, Halle Berry, Ice Cube, Ava DuVernay, Ron Howard edota Regina King aktoreek azken agur bat eskaini diote sare sozialetan AEBetako beltzen eskubideen babestzaile sutsuari.