https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

San Joan Gauaren izaera magikoa

San Joan bezperan sua pizten dute urtero Euskal Herriko herrialde desberdinetan./
San Joan bezperan sua pizten dute urtero Euskal Herriko herrialde desberdinetan.

Jatorri paganoa duen aspaldiko tradizio herrikoia da

UNAI SARRIUGARTE

San Joan Gaua heltzear dago. Antzinaroan jatorria duen ospakizuna da, ipar hemisferioan udako solstizioaren hasiera dela bide ekainaren 23an ospatzen dena, bereziki Europan. Edonola ere, udako benetako solstizioa, urte osoko egunik luzeena, ekainaren 21ean edo 22an izan ohi da. Jatorri paganoa duen aspaldiko tradizio herrikoi honek birsorkuntza-errituak biltzen ditu, eta, Erdi Aroaz geroztik, San Joan Bataiatzailea kristau santuaren izena darama.

Egun honetako ekitaldi ezagunena San Joan sua da, San Joan eguneko bezperako gauean piztu ohi dena. Era berean, bestelako erritu eta ohiturak ere uztartzen ditu egun honek. Euskal Herrian, esaterako, egun horretan iturri, putzu eta erreka batzuetako ura edatea nahiz San Joan eguneko goizeko ihintza zapaltzea osasungarria dela sinetsi izan da.

Baina San Joan jaiko errituek izatez jatorri paganoa dute. Gerora, Erdi Aroan, ohitura hau kristautasunak bereganatu egin zuen eta San Joan Bataiatzaileari eskaini zioten jaia. Santu haren izena Erdi Aroko euskaran, Done Ibane zen, hortik datorkio Donibane Egunaren izena.

San Joan Bataiatzailea Jesukristoren aitzindaritzat jo izan dute kristauek. Jesukristoren jaiotza neguko solstizioko jaian ospatzen zen, abenduaren 25ean, eta San Joan Bataiatzailearena, berriz, udako solstiziokoan ospatzen hasi ziren. Egutegiko ziklo horrek ebanjelioen kontakizunean du jatorri. Edonola ere, San Joan jaietan ospatzen diren su eta landare errituak zeltar herrialdeetakoak omen dira.

Jakina denez, egun hau Euskal Herriko txoko askotan ospatzen da. Kea, sua eta sorginkeriarekin lotutako jai magikoa egiten da urtero euskal lurraldean eta erritu ugari ospatzen dira. Esate baterako, etxe askotako ate eta leihoetan lizarraren edo elorri zuriaren adaxkak ezarri ohi dituzte, eguzki berriak etxe horretan bizi direnak bedeinka eta babes ditzan. Zenbait herritako plaza nagusietan lizar edo haritz handi bat jartzen da baita ere, eta herriko dantzariek dantza erritualak egiten dituzte zuhaitzaren inguruan. Askotan lizar horietatik zintzilik San Joan gereziak ipintzen dituzte.

Bestalde, herri, auzo, baserri ugaritan sua piztu ohi da. Suak, lehen aipatu bezala, eguzki berria indartzen du eta gizakion bekatuak garbitzen ditu. Azken urteotan, pertsona asko oroitzapen txarrak ekartzen dituzten objektuak sutara botatzen hasi dira, eguzki berriak zorte hobea ekarriko dielakoan.

Hau guztia esanda, jakin ezazu Euskal Herriko herrialde desberdinek aukera desberdinak planteatuko dituztela igande gauean. Bakoitzak planteatuko duen egitarau begira ikusi eta tradizio honetaz goza ezazu.

Temas

Euskera