https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jesper Just artista danimarkarraren lana, erakusgai Guggenheimen

Jesper Just, bere obraren aurkezpenean Guggenheimen./Efe
Jesper Just, bere obraren aurkezpenean Guggenheimen. / Efe

Bideo instalazio hau urriaren 20ra arte egongo da ikusgai

UNAI SARRIUGARTE

Jesper Just artista danimarkarraren obra erakusgai dago Bilboko Guggenheim museoan. 13 minutu irauten duen laburmetraia urriaren 20ra arte egongo da erakusgai museoko Film and Video aretoan. Bertan Justek kontakizunaren bi ikuspuntu ezberdin eskaintzen dizkio ikusleari, eta, bisitariek aurkeztutako bi ikuspuntuen artean zeinetik dauden hurbilen erabaki beharko dute.

LGTBI kolektiboa du hizpide bideoak, aulki gurpildunean dagoen emakume transgeneroa da kontakizunaren protagonista. Obraren egileak dioenez: « gizarteak gorputz arazotsuak begiratzeko duen formaren errepresentazioa da«.

Hasierako eszenetan emakumea Paris zeharkatzen ikusten da. Bertan protagonista hiriko elementu arkitektoniko ezberdinekin uztartzen da. Kontakizunaren korapiloan gizonezko bat agertzen da, emakumezkoa atzetik jarraituz. Emakumezkoak etxe batean babesa bilatzen du, baina ez du gizonaren begiradatik ihes egitea lortzen, gizonezkoa aldameneko eraikin batean berari begira baitago.

Bi protagonistak euren etxeetan ezkutatuta dauden unea da laburmetraiaren unerik garrantzitsuena. Izan ere, momentu horretan bi subjektuen ikuspuntua uztartu egiten da. Hori dela medio, ikusleak gizonezkoaren edota emakumezkoaren begietatik ikusi dezake gertatzen ari den errealitatea.

Filmak plano luzeak eta soinu hots ezberdinak bateratzen ditu: emakumearen arnasa, aulki gurpildunaren zarata edota kalean antzematen diren soinu ezberdinak entzuteko aukera aurkezten zaio ikus-entzuleari.

Jesper Just artista danimarkarra Arte Ederretan lizentziaduna da Danimarkako Arte Ederren Akademia Ofizialean. Egun Just New Yorken bizi eta dihardu lanean. Bere ibilbidean sari bat baino gehiago irabazi izan du: Dinamarkako Arte Kontseiluaren beka, Carnegie Arte garaikurra 2008. urtean, Arken Arte Garaikideko museoko bidai beka 2009an edota Danimarkako Arte Ederren Akademia Ofizialak banatutako Eckersberg Medal saria 2014ean.

Bere obrak Europan eta Estatu Batuetan egon dira erakusgai gehienbat: Los Angeleseko Hammer museoan (Kalifornia, 2005), Miamiko Arte Ederren museoan (Florida, 2007), Witte de With in Rotterdam (Holanda, 2007). Azkenengo urteotan bere lanak hainbat tokitan egon dira ikusgai: Brooklyneko museoan, Copenhageko Quadrennialen, Liverpooleko Bienalean edota Pariseko Palais de Tokion besteak beste.

Temas

Euskera