https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Jenny Holzer. Zera deskribaezina' erakusketa, Guggenheimean, martxoaren 22tik aurrera

'Jenny Holzer. Zera deskribaezina' erakusketa, Guggenheimean, martxoaren 22tik aurrera

Gure garaiko artistarik nabarmenenetako baten lanari eskainitako erakusketa irailaren 9ra arte iraungo du

EL CORREO

Guggenheim Bilbao Museoak 'Jenny Holzer. Zera deskribaezina' aurkeztu du, gure garaiko artistarik nabarmenenetako baten lanari eskainitako erakusketa, martxoaren 22tik irailaren 9ra arte iraungo duena. Fundación BBVA erakundearen babesarekin, erakusketa honek lan berriak hartuko ditu, Museoaren fatxadaren gaineko argi-proiekzioak barne. Museoaren arduradunek azpimarratu dutenaren arabera, horiek martxoaren 21 eta 30 artean egongo dira ikusgai gauero.

Hortaz aprate, gogorarazi dute Holzerren lana Museoaren parte izan dela hasiera-hasieratik, Bilborako instalazioa (Installation for Bilbao, 1997) zirraragarria dela-medio. Atrioan dago lan hori, eta Museoaren inauguraziorako enkargua izan zen: bederatzi zutabe argiztatuk osatzen dute, bakoitza 12 metrotik gorakoa. Iaztik, kokapen zehatzeko artelan hori osatu du Arno bikotea (Arno Pair, 2010) lanak, hau da, artistak Museoari oparitutako harrizko banku zizelkatu pareak.

Berrogei urtetik gorako ibilbidean Holzerrek jaulki dituen gogoeta, ideia, argudio eta minak hainbat instalazio desberdinetan aurkeztuko dira, zein bere gizarte dimentsio iradokitzaileaz hornituta. Artistak testua du adierazpide, kamiseta batean, xafla batean, pintura batean nahiz LED errotulu batean idatzita egon. Testua espazio publikoan banatzea bere lanaren berezko ezaugarria da: 1970eko hamarkadan hasi zen New Yorken poster-sail bat itsasten, eta paisaiaren eta arkitekturaren gaineko argi-proiekzio berriagoak egiteraino jarraitu du lanean.

Erakusketa bisitatzen dutenek artistaren praktikaren irismen inguratzailea biziko dute; izan ere, praktika horrek giza existentzia ezaugarritzen duten funtsezko elementuei heltzen die: besteak beste, boterea, indarkeria, sinesmena, memoria, maitasuna, sexua eta erailketa. Lengoaia ausart, zehatz eta zorrotzaren bitartez, etengabe aldatzen ari den publiko zabalari mintzo zaio haren artea. Holzerren xedea publikoa erakartzea da eta horretarako, espazio iradokitzaileak sortzen ditu, erreakzio bat, pentsamendu bat eragiteko: jarrera bat hartzeko gonbita dira gune horiek, eta artista bigarren mailan uzten dute batzuetan. Gauzak horrela, jakin ezazu martxoaren 22tik apirilaren 9ra 'Jenny Holzer. Zera deskribaezina' erakusketaz gozatzeko aukera izango duzula.

Temas

Euskera