Jendartea eta pertsonak
Gu eta gainerakoak, horrela banatzen dugu mundua gehienetan. Gu horren esparruan adigai desberdinak egoten dira, gure etxekoak, gure herri edo auzokoak, emakumeok, gazteok, zaharrok, kaskazuriok, ile-gorriok, aberatsok, behartsuok, zintzook, legea errespetatzen dugunok, euskaldunok, europarrok, kristauok, musulmanok, abertzaleok…
Beraz, gu hori malgua da, baina beti marrazten du muga bat, zatiketa bat. Hori bai, zenbat eta marra gehiago bi puntu horien artean, orduan eta lubaki gutxiago, orduan eta sailkapen malguagoa.
Gero, badira sailkapen horretarako, banaketa horretarako baliabide bat besteen gainetik jartzen dutenak, irizpide bat hobesten dutenak. Norbaitek lehenetsi dezake irizpide politikoa, sexuaren araberakoa, bakoitzak duen diruari edo erlijioari dagokiona eta beste desberdintasunak horien azpian kokatu.
Gainera, normalean, gu horren barruan zintzotasun gehiago kokatzen dugu besteengan baino. Horrela gertatzen da gu eta jendea bereizten ditugunean. Jendeak hau edo hura egiten du, guk ez. Baina gu ere, kasurik gehienetan, jendea gara. Hortik azken urteotan jendarte hitzaren zabalkundea.
Jendeak ez daki hau edo hura, nik edo guk bai. Jendeak ez ditu itxialdia arintzen duten arauak errespetatzen, nik edo guk bai. Jendeak uste du, jendeak ez du nahi, jendeak ez daki. Gu eta jendea, kontuan izan gabe ze demontre den jendea.
Jendea, ordea, gure artean behintzat, ez da multzo oretsu bat. Eskubide politiko guztiak indarrean dituen herritarrek osatzen dute jendea, ni edo gu bezain gai diren pertsonak, pertsona libre eta duinak, guk multzo batean biltzen baditugu ere duintasuna galtzen ez dutenak.
Agian hori guztia uneoro kontuan izango bagenu, ez litzaiguke hain sakona irudituko gu eta jendartearen arteko zatiketa, marra bat litzateke, ez lubaki bat, ez arrakala igaroezina.