https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jeff Bezos Amazonen zuzendariak ilargira joateko ibilgailu bat aurkeztu du

Jeff Bezos Amazonen zuzendariak ilargira joateko ibilgailu bat aurkeztu du

'Blue Moon' izena duen ibilgailuak 2024. urtea baino lehen materiala eta agian pertsonak garraiatzeko intentzioa dauka

UNAI SARRIUGARTE

Jeff Bezos Amazonen zuzendariak ilargira joateko ibilgailu bat aurkeztu zuen pasa den ostegunean Washingtonen. 'Blue Moon' deituriko nabeak 2024. urtea baino lehen ilargira materiala eta agian pertsonak garraiatzeko asmoa dauka. Bezos Blue Origin konpainia espazialaren zuzendaria da.

Tramankulu honek etxe prefabrikatu baten itxura hartzen du. Momentuz ibilgailuaren maketa baino ez dute burutu. Izan ere, behin eraikita dagoenean hiru tona inguru pisatuko ditu hutsik eta erregaiarekin, berriz, 15 tona pisatzera heldu daiteke.

Aipatu dugunez, Blue Origin konpainiaren zuzendariak ibilgailu honen bitartez ilargira 2024. urtea baino lehen iristea aurreikusi du. Era berean, egun konpainia espazial honek New Glenn deituriko kohetea eta New Shepard izeneko ibilgailua garatzen ari da.

Bestalde, Nike Pence Estatu Batuetako lehendakari ordeak pasa den martxoan NASAk 2024. urterako ilargiko hego-burura astronautak bidaliko dituela helarazi zuen. Hori dela bide, Bezosek plan honekin poz-pozik dagoela nabarmendu zuen, eta ahal duen guztian NASA laguntzeko prest egongo dela esan zuen.

Egun Jeffrey Preston Bezos munduko pertsona aberatsena da. Bezos Amazon salerosketa elektronikoen konpainiaren sortzaile eta presidentea da, egun munduko enpresa garrantzitsuenetarikoa dena. Gainera, 'Bezos expeditions' izeneko inbertsio-funts pribatuaren zuzendaria da. Honen bitartez diru inbertsio handiak egin ditu enpresa baten baino gehiagotan: Twitter, Airbnb edota The Washington Posten, AEBetako egunkari zaharrena dena.