https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gizateriaren kontrako 5.887 krimen zenbatu ditu Jaurlaritzak datu base zabal batean

Gizateriaren kontrako 5.887 krimen zenbatu ditu Jaurlaritzak datu base zabal batean

1936tik 1945era bitarteko biktimak aztertu egin dituzte

UNAI SARRIUGARTE

Jaurlaritzak gizateriaren aurkako 5.887 krimen zenbatu ditu datu base zabal batean. Hauxe memoria historikoaren alorrean aurrerapausu bat izan da. Azterketarako Eusko Jaurlaritzak 1936tik 1945era bitarteko tartea hartu du kontuan, Gerra Zibila eta frankismoaren lehendabiziko urteak, hain zuzen ere.

Ikerketa Euskal Autonomia Erkidegora mugatu da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hil zituzten herritarren datuei erreparatuz. Euskal gobernuak ikerketa hau Euskal Herriko Unibertsitateko Unesco katedrarekin, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin eta Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean osatu du.

Orain arte, 19.998 hildakoren berri izan du Gogora institutuak, eta hiru hilketatik bat gizateriaren aurkako krimena izan dela ondorioztatu du. Hildakoetatik 698 oraindik identifikatu gabe daude.

Hildako ezberdinak heriotza motaren arabera sailkatu dituzte datu basean: borrokan hildako gudariak, 6.767; Francoren aldeko tropetan hildako milizianoak, 5.479; 1.363 bonbardaketan hildako zibilak; epaiz kanpoko exekuzioen biktimak, 1.330; heriotza zigorra leporatuak, 895; ziegetan hildakoak, 2.252 etab.

Jonan Fernandez Bizikidetza idazkari nagusiak helarazi duenez hilketa guzti hauetatik horietako zenbait gizateriaren aurkako krimentzat jo dituzte. Izan ere, hilketa hauek delitu oso larriak izan dira. Erailketa gisa izendatu dituzte krimenok, horretarako, nazioarteko zigor zuzenbideari erreparatu diote. Bertan, bonbardaketak, kartzelako heriotzak, heriotza zigorrak eta borrokatik kanpo beste helburu batzuengatik burututako hilketak sartu dituzte.

Hildako ezberdinen fitxak burutu ditu Gogora institutuak, eta datuok erakusgai daude erakundeak Bilbon duen egoitzan. Momentuz ez dute interneten fitxa hauek jartzeko asmorik. Erakundeak denbora pasa ahala datu base hauetan datu gehiago jorratzen joango direla aurreikusi du. Hori dela bide, hildako herritarren senideei eskua luzatu diete, krimen hauei buruzko informazio gehiago bildu ahal izateko helburuarekin.

Datu base hauetan frankismoan eta Gerra Zibilean hildako biktimen datu pertsonalez gaindi, beste hainbat informazio ere bildu izan dute: heriotzaren zergatia, bildutako datuen iturriak, txosten pertsonalak, DNA frogen eskaerak edota hobi husteak.

Ikerketa hau osatzeko, bi informazio iturri erabili dituzte: artxiboak eta biktimen senitartekoen zuzeneko testigantzak. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko erregistro zibilen, parrokietako eta hilerrietako liburuen ikerketa zehatza jorratu izan dute. Era berean, orain arte esparru honetan burutu izan diren beste ikerketa batzuetaz baliatu izan dira.