Jaurlaritzak euskal itsas hondoarekin erlazionatutako 26 proiektu babestu zituen pasa den urtean
Diru-laguntza hauek euskal itsas ondarea babestu, zabaldu eta horri balioa ematea zuten xede
UNAI SARRIUGARTE
Asteartea, 4 otsaila 2020, 22:41
Jaurlaritzak euskal itsas hondoarekin erlazionatutako 26 proiektu babestu zituen pasa den urtean. Diru-laguntza hauek euskal itsas ondarea babestu, zabaldu eta horri balioa ematea zuten xede. Zehatzago esanda, ontziak musealizatzeko, euskal portuetan egurrezko ontzi txikiak konpontzeko edota ontziolak zaharberritzeko erabili ziren laguntza ekonomikoak.
Programa hauxe duela bi urte jarri zen martxan lehendabiziko aldiz. Hala, orotara 131.136 euro bideratu ziren iaz, bost laguntza modalitate ezberdinen bitartez. Albaola Elkarteak, Bilboko Itsasmuseumak, Santurtziko Udalak edota Lekeitioko Udalak sustatutako zenbait ekimen daude diruztatutako egitasmoen artean.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak 2018. urtean jarri zituen martxan diru-laguntza deialdi hauek. Laguntza ekonomiko hauexek hainbat helburu zituzten, hala nola, zurezko ontzien musealizazioan laguntzea, zurezko ontzi ezberdinak berriztatzea, ontziolak, lonjak eta ontziralekuak zaharberritzea edota egurrezko ontzien esparrua babesten zuten ekimenak abiaraztea.
Diru-laguntza hauen bitartez, itsas ondarearen historiatik geratzen dena babestea bilatzen da. Laguntza ekonomiko hauek egurrezko ontzi tradizionalak izan dituzte ardatz. Izan ere, gaur egun asko elkarteen eta norbanakoen menpe daude eta gero eta zailagoa izaten da hauexek itsasoan ikustea
Itsasontziak egiterako orduan, motorrak eta teknologia berriak agertu dira. Hortaz, beira, zuntz edota plastikoa bezalako material berriak erabiltzen dituzte itsasontzi berriak produzitzeko. Era berean, sektorea aldatu eta modernizatu egin da, iraganeko elementu historiko haiek alde batera utziz.
Albaola Elkartera bideratu dira laguntza ekonomiko gehienak, deialdiaren 26tik 10 eskuratu baititu. Maila ekonomikoan garrantzitsuena, aldiz, Santurtziko Udalari bideratutako dirua izan da, udalerriko portuan ikusgarri dagoen 'Agurtza' arrantza-ontzia konpontzeko erabili dena. Era berean, Bilboko Itsasmuseumak 17.598 euroko zuzkidura jaso du, 'Nuevo Anchustegui' arrantza-ontzia balioan jartzeko.