https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jatorrizko amarauna

Itzultzaile bat, testu bat itzultzen./
Itzultzaile bat, testu bat itzultzen.
Harkaitz Cano
HARKAITZ CANO

Galdera zaila egin dit oraingoan Teresa Bailach editoreak. «Zer galtzen du zeure liburu bat, euskaraz irakurri beharrean, itzulita irakurtzen duenak?». Nekeza da apur bat existentzialista edo apur bat esentzialista jarri gabe horri erantzuten saiatzea. Hasteko eta behin, galderak ziurtzat ematen duelako beti dagoela galera bat eta galera hori inportantea dela. Ezagutzen dut bakarren bat testu itzuliak irakurtzeari uko egin dionik ere: jatorrizkoa ala ezer ez. Literatura unibertsalari uko egin edo poliglota absolutu bilakatzea litzateke, honenbestez, irtenbide bakarra. Muturrekoegia nire gusturako. Eta ez ote dago, menturaz, kontrakoa defendatzen duenik, hau da, itzulpenean galtzen dena hutsaren hurrengoa dela? Denok onartzen dugu galera, baina hain handia al da benetan? Ez ote da zenbaitetan gure jatorrizko hizkuntzari mistizismo hala moduzko bat emateko modua?

Malgutasunaz mintzatu gaitezke, esate baterako: euskaraz hitzak ez dira horren zurrunak, hiztunon azturek ez dituzte hitzak esanahietara hain hertsiki iltzatu. 'Eder' hitza bezalako berba ustez itzul-erraz bat, esate baterako, itzulezin bilaka liteke; ez 'bello', ez 'hermoso', ez 'bonito' ditu baliokide. Sarritan ikusi dut nire burua ataka horretan, desegoki iruditzen zaizkit gaztelaniazko baliokide guztiak. Malgutasuna hitz baikorra da, ordea. Inork esan lezake 'zehazgabeagoa' dela euskara, edo hobeto esan, hiztunon trakeskeriak egiten duela gaur egungo euskara zehazgabeago.

Poesia itzuliz ari garenean, musikalitatearen galeraz hitz egitea litzateke errazena. Nabarmena da, salbuespenak salbuespen, hizkuntza baten hotsak nekez erreproduzitu daitezkeela beste hizkuntza batean. Ez naiz nire lanean hizkuntzaren hoskidetasunez bereziki arduratu izan -ez kontzienteki, bederen-, nahiz eta egia izan beraz arduratu gabe ere emana datorrela musikalitatea, tonua, arnasa eta erritmoa berez datozen moduan. Bada poesia itzulpenean galtzen den horixe bera dela defendatzen duenik -'Lost in Translation'-. Nik, ostera, nahiago nuke alde erantzira definitu: itzulpenean galtzen 'ez' den huraxe dela poesia, eraldaketa ororen gainetik irauten duen dena-delako-zer hauskor hori. 'Alde erantzia', hortxe daukazue itzuli behar izanez gero oin-ohar argigarri bat eskatuko lukeen esamoldea, 'revés' ez baita 'erantzi'; eros-etik askoz gertuago dago bigarrena lehena baino. Itzulpenetan hitz jokoak galtzen dira, bistan da, baina literatur lan on batek hitz jokoa eta jolas fonetiko zein semantikoa baino zerbait gehiago behar du gogoangarri izateko. Edonola ere, atera dira jada bi hitz garrantzitsu: erotika eta jolasa. Hizkuntzarekin daukagun -eduki beharko genukeen!- zentzumenezko harremana da itzultzen zailena, hitzen karga seduktorea eta jolastia. Eta, batez ere, testuarekin zerikusirik ez izan arren, hitz horiekin irakurleak zein idazleak konpartitzen duten iragan biografiko komunaren arrasto ezabaezina. Testu bat itzulita irakurtzen dugunean, ikusten ditugu armiarma eta haren harrapakina, ikusten ditugu lehenaren pausoak eta bigarrenaren izua. Armiarma-sarea da, ordea, ikusten ez duguna. Itzulitako lan bat irakurtzen duenak testu horri zehazki ez dagozkion kontuak galtzen ditu batez ere: ez hainbeste itzulitako testuan daudenak, baizik eta testu horretan ez daudenak, edo, egon arren, amarauna bezala, lehen bistadizoan ikus ezin daitezkeenak.

Sinplifikatuz, pentsa liteke bi eratako idazleak daudela. Batetik, nagusiki armiarmaz eta haren harrapakinaz arduratzen direnak (tramaz, gertaerez, akzioaz); bestetik, armiarma horien mugimenduak ahalmentzen dituen sarea kuidado handiz ehuntzea lehenesten dutenak (hizkuntza, estiloa). Esan gabe doa, bigarrenak dira itzultzen zailenak, eta nire aburuz, literaturari ekarpen handiena egiten diotenak. Haatik, ez ote gara itzuliak izango garela dakigun unetik -edo geronen burua itzuli beharko dugun jakitun- gero eta gehiago lehen taldeko idazle bilakatzen ari? Uko egiten ote diogu eros-ari eta jolasari, itzulpenaren erraztasuna gogoan? Kimatu egiten ote dugu geure burua edo autozentsuratu gertuko irakurleak baino gozatuko ez lukeen geruza? Ahaztu al dugu armiarma-sarea ikusezina izan arren, hari arretarik jarri ezean, hutsean gabiltzala oinez?

Armiarma-sare hori ez baitu norberak bakarrik ehuntzen, konpartitua da. Hain konpartitua eta hain ikusezina ze, batzuetan ahaztu egiten baitugu haren existentzia. Baina hor dago.

Hizkuntzen arteko simetria ezaz ere mintza gaitezke, jakina. Badirela, alegia, armiarma diren hizkuntzak eta harrapakin direnak. Baina hori, beste upel bateko sagardoa eta beste upategi bateko amarauna litzateke.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos