https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jim Jarmuschen 'Gimme Danger' filma proiektatuko dute gaur Bermeon

Filmaren azala./
Filmaren azala.

Filmaren emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Filmazpit euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programaren barruan

EL CORREO

Pantaila handiaz gozatzeko momentua heldu da jada Bermeora eta The Stooges taldearen historia kontatzen duen Jim Jarmusch estatubatuarraren 'Gimme Danger' filma eskainiko dute gaur Bizkaiko herrialdean, Filmazpit euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programaren barruan.

Filmaren emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Nestor Basterretxea aretoan, eta sarrera dohainik izango da. Dokumentalak 108 minutuko iraupena du eta jatorrizko hizkuntzan emango da, ingelesez, euskarazko azpitituluekin, Bermeoko Udalak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Filmazpit-eko arduradunek azpimarratu dutenaren arabera, The Stooges taldearen «rock'n'roll indartsu eta oldarkorra bonba bat izan zen» 1970eko hamarkadako paisaia musikalean. Rock, blues, r&b eta free jazz estiloen nahasketarekin, Iggy Pop musikariak bere debuta egin zuen taldean, eta beranduago rock alternatibo bezala ezagutuko zenaren oinarriak ezarri zituen.

Gaurko 'Gimme Danger' filmak talde estatubatuar garrantzitsuenetako honen epopeia kontatzen du. Abentura eta zorigaitzen bitartez, dokumentalak «rockaren panteoira iritsi arteko The Stooges taldea musikalki, kulturalki, politikoki eta historikoki garatu zeneko testuingurua aurkezten du» , euren inspirazio iturri nahiz aurreneko erronka komertzialen zergatiak gogoratuz.

Filmazpit euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa bat da, eta Donostia Kulturak kudeatzen du, Donostia Zinemaldiaren, Euskadiko Filmategiaren eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren laguntzarekin. Euskadiko eta kanpoko hainbat zinemalditan jorratzen dituzten gaiengatik interesgarriak diren filmak hautatzen ditu programak, euskaraz azpititulatu eta katalogoan sartzeko.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos