Jantzi zapatilak, jarri motxila eta prest… Hemen dago jada EuskarAbentura!
125 gaztek 407 kilometroko ibilbideari ekingo diote larunbat honetan. Helburua euskara sustatzea da, bizitza osasuntsua eta kultura sustatzen diren aldi berean
Mauletik hasi eta Getxoraino. Euskal Herriko toki ezberdinetako 125 gaztek bat egingo dute larunbat honetan, uztailaren 1ean, Zuberoako herri eder horretan inoiz ahaztuko ez duten abentura bati ekiteko. Motxilak soinean eta zapatilak jarrita, 407 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, hilabete osoan barrena burutuko dutena helburu finko batekin: euskara bultzatzea. Hori baita EuskarAbentura egitasmoaren xedea, bizitza osasuntsua eta kultura sustatzen den aldi berean. «Oso egitasmo polita da hainbat balore zabaltzen direlako bertan. Esaterako, elkarren artean laguntzea, ardura, autonomia, ingurumenarekiko begirunea, turismo eredu jasangarria eta parekidetasuna, guretzat benetan garrantzitsuak direnak», azaldu dute antolatzaileek.
Publicidad
Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behera zeharkatuko dituzte partaideek. Dena oinez. Goizeko 7etan jaiki, gosaldu, indarrak hartu, eta ibilbideari ekingo diote Euskal Herriko zazpi probintzietatik. Bazkalorduan, eguerdiko ordu biak aldera egitea aurreikusita daukatena gutxi gorabehera, atsedena hartzeko tartea izango da. Eta ondoren, disfrutatzeko unea iritsiko zaie bai bisita gidatu batekin edo artista baten, kirolari baten zein idazle edo gizarte mugimendu bateko kideren baten solasaldi batekin. «Era eta eduki anitzeko mintegi, tailer eta ekimenek aberastuko dute abentura. Izan ere, hainbat esparrutako profesionalak (musikariak, soziolinguistak, aktoreak, bertsolariak, kazetariak, dantzariak, idazleak, kirolariak…) aldiro-aldiro batuko dira espediziora gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko», azaldu dute.
«EuskarAbentura polita egiten duena da, errealitate sozial, ekonomiko eta linguistiko oso ezberdineko gazteak batzen direla»
Ondoren, jokoak edo ekintza ezberdinak egingo dituzte, uneoro monitoreek gidatuak izango direlarik. «Aspaldi antolatuta daukagu dena, izan ere, ez da erraza 125 gazte, gehi 30 langile, hau da, 155 pertsona 407 kilometrotan zehar eramatea. Oso zaila da, horregatik daukagu dena itxita», gaineratu dute.
Partaideak Euskal Herriko toki ezberdinetatik datoz. Probintzia guztietatik, eta baita «zortzigarren probintziatik» ere, azken hori diasporatik datorren jendea izanik. «Populazioaren arabera, beti dago Bizkaiko jende gehiago Zuberoakoa baino. Baina EuskarAbentura polita egiten duena da, errealitate sozial, ekonomiko eta linguistiko oso ezberdineko gazteak batzen direla bertan, eta elkarren artean sare bat sortzen dela», goraipatu dutenez. Izan ere, partaideen artean herri txiki eta oso euskalduneko jendea aurki daiteke, etxean eta lagunen artean beti euskaraz hitz egiten duena, edota herri erdaldun zein euskalduna ez den familia batetik datorren gaztea. «Denentzako dago lekua», azpimarratu dute.
Esperientzia «magikoa»
Izan ere, aniztasun horrek egiten du EuskarAbentura egitasmoa, aurtengoan bosgarren urteurrena betetzen duena, hain berezia. Antolakuntzatik aurreratzen dutenez, euskara gazteriaren artean sustatzea da bilatzen duena, «modu oso errealistean eta anitzean».
Publicidad
«Azken finean, 125 gazte dira bertan batzen direnak, bakoitza bere historiarekin eta hizkuntzarekiko harreman ezberdinekin datorrena. Eta ez hori bakarrik, kultura eta kirolarekiko harreman ezberdinak dituzte ere. Eta hilabeteren ostean horrelako maitasuna sortzea euren artean... Oso magikoa da. Beraientzat eta gizartearentzat ere», arrazoitu dute. Bada, errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hori euskaraz bizi dezaten nahi du EuskarAbentura ekimenak; eta sortutako harremanek espediziotik harago ere iraun dezaten.
«Hiriburu guztiak ez ezik, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako guneak bisitatuko dituzte; bai eta basoak, hondartzak, museoak...»
Tipa tapa, partaideek 32 bat herri zeharkatuko dituzte oinezean. Hiriburu guztiak ez ezik, UNESCOk (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea denak) Gizateriaren Ondare izendatutako guneak bisitatuko dituzte; bai eta basoak, hondartzak, museoak, gari-soroak, leizeak, portuak, gazteluak, belazeak, monumentu nahiz eraikin enblematikoak, herriak, gatzagak zein baserriak.
Publicidad
Gazteek 15 eta 17 urtetako adin tarte bat daukate eta espedizioan parte hartzeko hautaketa prozesu bat gainditu behar izan dute. Horretarako, proiektu pertsonal batez eta aurkezpen bideo batez osaturiko hautagaitza bat bidali behar izan dute (izen-emate epea abendu eta martxoa bitartean izan ohi da). Hautagaitza proiektua garatzeko gazteek EuskarAbenturak urtero proposatzen dituen hiru gaietako bat aukeratu behar izan dute eta aukeran dauden sei formatuetako batean garatu dute ondoren haien lana (historikoa, literarioa, plastikoa, ikus-entzunezkoa, musikala edo digitala).
Hautagaitza proiektuak Eusko Ikaskuntzak eta PuntuEUS fundazioak osatutako epaimahai batek baloratu dituzte, hainbat irizpide kontuan hartuta: originaltasuna, estiloa, teknika eta kalitatea, besteak beste.
Publicidad
Espedizio taldea osatzerako hoberen baloratutako lanak hartu dira kontuan, baita hautagaien generoa, errealitate soziolinguistikoa eta jatorria ere, euskal gazteriaren aniztasuna jasoko duen espedizio talde bat egiteko helburuarekin. Behin hautatuak izan direnak, Jzioquitar izena hartzen dute.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión