https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Janari azoken gainbehera ekiditeko neurri faltaz ohartarazi dute

Janari azoken gainbehera ekiditeko neurri faltaz ohartarazi dute
Ignacio Pérez

«Garrantzitsua da eragile desberdinek azoken eragin ekonomiko eta soziala aintzat hartzea, noizbehinka produktuak erosteko gune izatetik, egunero elikagaiak eskuratzeko salmenta eta topagune izatera pasatzeko», adierazi dute EHUko ikerlariek

AMALIA IBARGUTXI

Baserritarrek eta kontsumitzaileek azoketara hurbiltzeko dituzten motibazio nagusienak identifikatu eta multzokatu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikertzaile-talde batek. Journal of Rural Studies aldizkariak berriki eman ditu ikerketa horren emaitzak. Argi dauzkate bi gauza: merkatuok kontuan hartzeko moduko inpaktu ekonomika lortzen dute eta azoken errealitatera egokituko den gobernantza beharrezkoa da horien «gainbehera» ekiditeko.

Azoketan euren produktuak saltzen dituzten lagunen artean, hiru motibazio antzeman dituzte. Batetik, arrazoi ekonomikoak, hau da, produktuak saltzea; bigarrena, soziala, kontsumitzaileekin edota beste baserritarrekin harremanak izateko; eta azkena, arrazoi kulturala; ekoizle batzuek azoketara hurbiltzeko ohitura dute, adibidez.

Kontsumitzaileen artean, berriz, motibazioak indibidualak, kolektiboak edo sozialak direla ondorioztatu dute. Indibidualek produktuen kalitatea zein prezioari dagozkienak hartzen dituzte bere gain. Kolektiboek, tokiko nekazaritza eta jakiak sustatzea eta produktu ekologikoak eskuratzea. Motibazio sozialak, azkenik, azokan sortzen diren giro eta harremanak dira eta ohitura kontuak izango lirateke.

Datu horiek guztiak esku artean, garrantzitsua deritzote ikertzaileek «eragile desberdinek azoken eragin ekonomiko eta soziala aintzat hartzeari, noizbehinka produktuak erosteko gune izatetik, egunero elikagaiak eskuratzeko salmenta eta topagune izatera pasatzeko», adierazi du Aintzira Oñederrak.

Izan ere, «baserritarren azokak ez dira soilik nekazaritza munduaren eta herri nahiz hirien arteko lotura bermatzen duten guneak, herriko merkataritzari bizia ematen dioten espazioak ere badira», adierazi du Mirene Begiristain EHUko ikerketa-taldeko kideak.

Espazio biziak

Horrenbestez, «etorkizunari begira azokak espazio bizi moduan mantendu nahi baldin baditugu, herri eta hirietako elikadura sisteman duten eta izan behar duten garrantzia hori aztertu behar dugu. Izan ere, gainbehera doaz azken urteotan merkaturatze bide berriagoek aurrea hartu dietelako», gehitu du. Ohartarazi dutenez, «ez dago azokak arautzeko gobernantza eredurik, eta azoken dinamika mantentzeko ezinbestekoa ikusten dugu kudeaketa ereduak errepasatzea eta azoken errealitatera egokitutako estrategiak garatzea».

Gipuzkoako hamar azokatan egin dute ikerketa, eta ondorioztatu dute 76,5 milioi euroko urteko eragin ekonomikoa daukatela. Hamar herritako asteroko edo eguneroko azokak aztertu dituzte egun azokek bizi duten «errealitate askotarikoaren isla direlako». Donostiako Bretxa eta azoka ibiltaria, eta Ordizia, Arrasate, Azpeitia, Eibar, Bergara, Zumarraga eta Zarauzko azokak izan dira hautatuak.

Bertara egunero edo astero hurbiltzen diren baserritarrei eta kontsumitzaileei inkesta egin zaie, eta horren arabera, «astero Gipuzkoako azoketara hurbiltzen diren 26.000 hiritarrek azoka egun bakoitzean egiten duten batez besteko gastua 19,5 eurokoa da», azaldu du Eduardo Malagón ikertzaileak.

Gainera, «azoken eragin ekonomikoa —nabarmendu du— ez da soilik mugatzen bertan emandako salmentetara. Herri askotan, azokak dinamizazio komertzialerako eta sozialerako eremu bat dira, eta egiten diren egunetan bere inguruko dendek eta tabernek ere onura ekonomiko esanguratsuak lortzen dituzte». Bi datu horiekin egin dute azoken eragin ekonomiko totalaren kalkulua.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos