https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jada zabalik dago Xabier Lizardi literatur lehiaketara hautagaitzak aurkezteko epea

Jada zabalik dago Xabier Lizardi literatur lehiaketara hautagaitzak aurkezteko epea

Aurtengo irabazleak 4.000 euroko diru-laguntza jasoko du

UNAI SARRIUGARTE

Jada zabalik dago Xabier Lizardi literatur lehiaketara hautagaitzak aurkezteko epea. Ekimen honek haur eta gaztetxoen artean literatura zaletasuna sustatzea du xede. Zarauzko Udalak antolatutako ipuin lehiaketan esku hartzeko epea azaroaren 15 arte egongo da zabalik.

Literatur lehiaketa honen XXXVIII. edizioa 18 urtetik gorako egileei zuzendua doa. Bertara haur eta gaztetxoei bideratuta doazen ipuinak aurkez daitezke. Euskara hutsez idatzitako lanak izan behar dute eta ezin izango dute beste lehiaketa batean saritutako lanik aurkeztu. Hauexek ezin izango dira beste lan baten kopiak izan, hau da, originalak eta argitaragabeak izan beharko dira.

Bestalde, egileek hautagaitza bat baino gehiago aurkezteko aukera izango dute. Edonola ere, ezin izango da 24.000 karaktere baino gutxiagoko lanik aurkeztu. Lanak ordenagailuz idatzita egon beharko dira eta Times New Roman tipografian eta Din A-4 neurriko orrialdeetan aurkeztu beharko dira.

Lan hauexek ezizenarekin sinatuta egon behar dira. Ipuina gutun azal batean gordeta joan beharko da eta bertan ezinenaz gain, egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefonoa agertu beharko dira. Hautagaitzak posta arruntez bidali izanez gero, ziurtatutako gutunean honako helbide hau ageri behar izango da: Zarauzko Udala-Kultura Departamentua, San-Enea Kultur Etxea, Nafarroa kalea 22,20800 Zarautz.

Literatur lehiaketa honen XXXVIII. edizioaren epaimahaia lau pertsonak osatuko dute. Ipuin txapelketa honen iazko irabazlea den Idoia Garzes, eta literaturan adituak diren beste hiru pertsona izango dira hauexek. Aurtengo sarituak 4.000 euroko diru-laguntza jasoko du eta Zarauzko Udalak lan irabazlearen 2.500 ale plazaratuko ditu.

Literatur lehiaketa hau Xabier Lizardi olerkari eta idazle zarauztarraren omenez egindako txapelketa da. Zuzenbide ikasketak egin bazituen ere, gaztetan literatur munduan murgildu zen zarauztarra. Lizardik Euskaltzaleak elkartea sortzen lagundu zuen, eta bere garaiko ekintza kultural eta politiko anitzetan esku hartu zuen. Gipuzkoa Buru Batzarreko kide eta buruzagi izatera iritsi zen.

Lauaxeta eta Orixerekin batera, bere aroko olerkari hoberena dugu. Lizardik bere ibilbidean literatur bilduma oparoa jorratu egin zuen. Gehienbat poesia eta antzerkigintza landu zituen. Zarauztar idazleak 1932. urtean argitaratutako «Biotz-begietan» olerki liburua oso aintzakotzat hartu zuten kritikariek.