https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Izen handiko hezkuntza arloko profesionalek, filosofoek... emango dute 'La escuela creativa, la escuela del futuro' ikastaroa

Ikastaroa Bizkaia Aretoan eta Guggenheimen ospatuko da./E.C.
Ikastaroa Bizkaia Aretoan eta Guggenheimen ospatuko da. / E.C.

Guggenheim Bilbao Museoak eta UPV/EHUk antolatutako udako ikastaroa Bizkaia Aretoan eta Guggenheimen ospatuko da bihar eta etzi

EL CORREO

Guggenheim Bilbao Museoak eta UPV/EHUk La escuela creativa, la escuela del futuro izeneko udako ikastaroa eskainiko dute bihar ostegunean eta etzi, Bizkaia Aretoan eta Guggenheim Bilbao Museoan. Ikastaroaren zuzendariak Marta Arzak eta Marta Prado dira, Guggenheim Bilbao Museoko Hezkuntza arloko Zuzendariordea eta Teknikaria, hurrenez hurren.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Kieran Egan filosofo eta Heziketa Irudimentsua deritzonaren sortzaileak adinean aurrera egin ahala gure irudimena nola aldatzen den eta hezkuntza aldaketa horietara nola egokitu daitekeen azalduko die interesdunei. Horrekin batera, ikasketa sakonerako asmatu duen praktika berritzailea deskribatuko die. Hortaz aparte, David Bueno Bartzelonako Unibertsitateko genetika irakaslea neurozientziak hezkuntza-arloari egindako ekarpenaz mintzatuko da, eta sorkuntza artistikoak burmuinaren malgutasuna areagotzeko duen potentzialaz ere ariko da. Eta Mabi Revuelta artistak alfabetoak eta eskola-liburuak bezalako oinarrizko hezkuntza-formatuen esplorazioan oinarrituta sortutako zenbait artelan deskribatuko ditu.

Programa

Datak:
Osteguna eta ostirala, ekainak 27 eta 28.
Tokia:
Bizkaia Aretoa eta Guggenheim Bilbao Museoa.
Parte-hartzaileak:
Marta Arzak, David Bueno i Torrens, Kieran Egan, Maider López, Clara Megías, José Ramón Navarro, Marta Prado, Jorge Raedó, Mabi Revuelta eta Alex Schady.
Hizkuntza:
Gaztelania

Hori nahikoa ez balitz, Clara Megías hezkuntza-aholkulari eta Pedagogías Invisibles kolektiboko kideak hezkuntzak bereganatu beharko lituzkeen artearen berezko lau elementu azpimarratuko ditu: pentsamendu dibergentea, plazerra edo esperientzia estetikoa, pedagogia ezagutza-sortzaile moduan laudatzea, eta proiektukako talde-lana. Azkenik, Marta Arzakek eta Marta Pradok Artea ikasbide hezkuntza-programa izango dute hizpide, besteak beste. Programa horren helburua ikasleei eskola-kurrikulumeko ikasgaiak jolasaren eta baliabide artistikoen bidez barneratzen laguntzea da.

Ostiralean, berriz, Jorge Raedó artista eta irakasleak herrialde ezberdinetan haur eta gazteekin garatu dituen arkitektura- eta antzerki-proiektuetako batzuen berri emango du. Maider Lópezek ere zenbait hezkuntza-proiektu aurkeztuko ditu, ohiturak eta harremanak aldatzen dituzten estrategien bidez espazio urbanoa eta paisaia naturala eraldatzea eta, hala, espazio eta egoera berriak sortzea helburu izan dutenak. Alex Schady artista eta Londreseko Central Saint Martins College-eko programazio zuzendariak arte zentroetan zein ikastetxeetan gauzatutako praktika artistiko kolaboratiboetan duen eskarmentua azalduko du. Eta José Ramón Navarro Pareja irakasle eta hezkuntza-aholkulariak Sevillako ikastetxe batean koordinatzen duen proiektua izango du hizpide. Proiektu horren ardatzak izango dira metodologia aktiboak, teknologia lan-tresna moduan erabiltzea eta espazioak eraldatzea (moldakorragoak eta ikasleentzako gertukoagoak izan daitezen).