https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Itzulpen automatiko neuronalaren bidez sortu dute euskarazko itzultzaile berria

Neurona-sare handi batean hitz-sekuentzia batek agertzeko duen probabilitatea aurreikusiz sortzen ditu itzulpenak. Ikerketa lanak amaituta, sistema merkaturatzeko lanetan ari dira

AMALIA IBARGUTXI

Zenbat aldiz jarri duzu testu bat itzultzaile automatiko horietako batean eta ez duzu euskarazko itzulpenetik ezer ere ulertu? Askotan, seguru aski. Hutsune hori betetzera dator Modela itzulpen automatikoko sistemetan aplikatzen diren ikaskuntza sakoneko teknikak aztertzeko sistema. Bide ugari ibili dituzte itzulpen sistema aproposenaren bila. Itzultzaile profesionalek egin dute epaia: itzulpen automatiko neuronala erabilita, bai metrika automatikoetan, eta bai subjektiboetan, emaitza «askoz hobeak» lortzen dira.

Itzulpen automatiko neuronalak neurona-sare handiak erabiltzen ditu hitz-sekuentzia batek duen agertzeko probabilitatea aurreikusteko, eta normalean esaldi osoak ere modelatzen ditu eredu integratu bakar batean. Hizkuntza-eredua, itzulpen-eredua eta berrordenatze-eredua ez dira ulertzen hiru eredu independenteren moduan, sekuentzia-eredu bakar bat bezala baizik, eta aldi bakoitzean hitz bat iragartzen du.

Helburua itzulpen automatikoko sistemetan aplikatzen diren ikaskuntza sakoneko teknikak aztertzea da, eta «Euskadi erreferentziazko puntu bihurtzea hizkuntzalaritzako teknologien arloan». Modela ekimena duela bi urte jarri zuten martxan hainbat erakundek. Zehazki, ISEA, Ametzagaiña, Vicomtech, Elhuyar Fundazioa, UPV/EHUko IXA taldea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Enpresa Saila eta SPRI Taldeko Elkartek programak.

Lehen fasean itzulpengintzako hiru sistema alderatu zituzten. Batetik, 'deep learning' edo ikaskuntza neuronalean oinarritutako itzulpen-sistema automatikoak. Bestetik, estatistikan oinarritutako itzulpena eta Eusko Jaurlaritzak emandako arauetan oinarritzen den sistema.

Ikusi zuten «askoz emaitza hobeak» lortu zituztela itzulpen automatiko neuronala erabilita, bai metrika automatikoetan, eta bai subjektiboagoetan, proiektuan lan egindako itzultzaileen arabera. Ondorioz, lantaldeak itzulpen-teknika horietan oinarrituriko sistema teknologiko bat garatu zuen euskara-gaztelania itzulpenetarako.

Hala, Modelak sortu duen itzultzailea «aurrekaririk gabeko jauzi kualitatiboa egin du euskararako itzulpen automatikoko sistemen kalitateari dagokionez», esan du bost erakunde bultzatzaileen lantaldeak.

Proiektuaren arrakasta ikusirik, lantaldea hasi da sistema berria erakunde publikoei eta enpresei aurkezten, eta itzultzailea merkatura eramateko prozesuan murgilduta daude.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos