https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Itziar Ituñok Ramon Labayen saria jasoko du

Itziar Ituño aktorea./Lobo Altuna
Itziar Ituño aktorea. / Lobo Altuna

Sariaren seigarren edizioak aktore bizkaitarraren ibilbide paregabea goraipatzea bilatu du

UNAI SARRIUGARTE

Gros auzoko Ulialde elkarteak urtero ematen duen Ramon Labayen saria jasoko du aurten Itziar Ituño aktoreak, elkarte honen kidea zen Ramon Labayenen omenez. Izan ere, Labayek Zinemaldiak galdutako maila berreskuratu zezan lan handia burutu zuen eta bera hil ostean euskal aktore eta zinemagileak txalotzeko sari hauxe sortu zuten.

Aurtengoa sari honen seigarren edizioa da eta aipatu dugunez Itziar Ituño aktorearen ibilbide paregabea goraipatzea erabaki dute. Basauriko aktoreak nazioartean ospe handia lortu du «La casa de papel» telesailari esker. Duela gutxi hirugarren denboraldia estreinatu berri dute eta laugarrena jada grabatuta dago.

Ituñok bere aktore ibilbidea antzerkian eta Euskal Telebistan hasi zuen. Oso ezagun izan zen euskaldunen artean «Goenkale» telesailean jorratu izan zuen papera, Nekane Beitia ertzain buruaren pertsonaia, hain zuzen. Era berean, hainbat film ospetsuetan ere esku hartu izan du: «Loreak», «Lasa eta Zabala», «Igelak» edo «Errementari» luizemetraietan esaterako. Gainera, abeslaria ere bada Ituño, Ingot taldean.

Ulialde elkarteak Donostiako Zinemaldiarekin bat eginez ospatuko du Ramon Labayen sariaren VI. edizioa. Elkarteko kide zen Ramon Labayenek zinemaldiaren alde egin zuen lana aitortzea izan nahi dute azken urteotan bere izena daraman garaikur honen bitartez.

Itulñori emango dioten garaikurra Donostiako Gros auzoko Ulialde elkartean ospatuko da irailaren 27an, eta ondoren festatxoa egingo dute elkartean bertan. Aurreko urteetako saridunak hauexek izan dira: Karra Elejalde, Juanma Bajo Ulloa, Martxelo Rubio, Ane Gabarain, Gorka Aginagalde, eta Jon Plazaola.

Temas

Euskera