https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Itsas ondarea babesteko diruz lagunduko du Jaurlaritzak aurrerantzean

Egurrezko ontzi bat, duela urte batzuk, Bermeon./
Egurrezko ontzi bat, duela urte batzuk, Bermeon.

Egurrezko ontziak museoratzeko, lehorreko instalazioei (ontziolak, lonjak eta ontziralekuak bezalako elementuei) balioa emateko, egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuetarako eta, baita ere, ondare horri balioa emateko ekitaldiak antolatzeko banatuko dira laguntzak

AMALIA IBARGUTXI

Itsas ondarea diruz babestuko du Eusko Jaurlaritzak aurrerantzean, pasa den astean Donostiako San Telmo Museoan jakinarazi zuenez Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Diru-laguntza deialdi baten bitartez, 200.000 euro bideratuko dituzte, urtero, euskal itsas ondarea babesteko, hedatzeko eta horri balioa emateko. Bost modalitatetako proposamenei lagunduko zaie diruz: egurrezko ontziak museoratzeko; jendeari zerbitzua emateko egurrezko ontziak konpondu eta armatzeko; lehorreko instalazioei (ontziolak, lonjak eta ontziralekuak bezalako beste elementu batzuk) balioa emateko; egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko; eta, baita ere, ondare horri balioa emateko ekitaldiak antolatzeko.

Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariarekin egindako aurkezpenean, nabarmendu zuten itsasoko kultur ondareak babes txikia jaso izan duela historikoki, eta horren ondorioz sektoreak elementu historiko asko galdu dituela.

Teknologia berriek materialak (beira-zuntza eta plastikoak) eta formak (industrialak, tokiko formak kontuan hartu gabe) aldatzean, sektorea eraldatu eta elementu tradizionalen galera ekarri zuen. Egoera horri aurre egiteko, uste dute «garrantzitsua dela geratzen zaigunari arreta eskaini eta hori babesteko ekimenak bultzatzea».

Egurrezko ontziak babestea ere aintzat hartzen dela gaineratu zuten Zupiriak eta Aizpuruk. «Egurrezko ontzien katalogo bat egin ondoren —uretan zein lehorrean daudenena—, ikusi da ontzi gutxik betetzen dituztela gutxieneko ezaugarri tradizionalak, material eta teknologia berrietara egokitu gabe. Hortaz, laguntza hauetan mota honetako ontziak ere aintzat hartu dira, gero eta gutxiago baitira gure portuetan».

Diru-laguntzen bitartez, itsas ondareari lotutako elementuak babesteko, ezagutzera emateko edo horiei balioa emateko helburuarekin egingo diren inbertsioen %50 ordaindu ahal izango da gehienez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos