https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Itsas bidaien turismoak eragiten duen kutsaduraz ohartarazi dute

Harmony of the Seas gurutzaontzia./
Harmony of the Seas gurutzaontzia.

Transport and Enviroment elkarteak salatu duenaren arabera, itsasontzi mota hauek eragindako sufre eta nitrogeno oxidoaren isurtzeak kezkatzeko modukoak dira

UNAI SARRIUGARTE

Itsas bidaien turismoak hazkunde nabarmena bizi izan du azken urteotan eta horrek kutsadura izugarria eragiten du. Gurutzaontziak dira gehienbat horren eragile, horrek dakarren gastu energetikoarekin batera. Datuok Transport and Enviroment elkarteak eman ditu aditzera.

Elkarte honen garraio-politiken zuzendaria den Faig Abbasovek helarazi duenaren arabera, «hiriek diesel autoak debekatzen ari dituzten bitartean, ontziterian ez dute eskua hartu. Hauek bidaiarientzat eta hiritarrentzat biziki arriskutsuak diren kutsatzaileen kontzentrazio handiak sortzen dituzte». Abbasovek nabarmendu du, gainera, Europa dela guzti honen «erantzule», ekologiaren aldeko «politika kontraesankorrak» jorratzen ari baitira. Gauzak horrela, nabermentzekoa da sufre oxidoaren isurtze larriak pairatzen ari dela Europa. Baina ez hori bakarrik, nitrogeno oxidoaren isurtzea ere kezkatzeko modukoa baita.

Itsas turismoak urte baten buruan Europan pertsonen garraiora bideraturiko ibilgailuek sorturiko nitrogeno oxidoaren %15a suposatzen du. Zenbait herrialdetan nabarmena da nitrogeno oxidoaren isurien bolumena: Norvegia, Grezia, Frantzia, Kroazia, Danimarka eta Maltako kostaldeetan, itsas bidaietarako ontziek bertako auto guztiek baino nitrogeno oxido gehiago igortzen dute.

Bestalde, Carnival Corporation itsas bidai konpainiak, egun munduko gurutzaontzien enpresa nagusiak, pasa den urtean Europako auto guztiek baino hamar aldiz sufre oxido gehiago igorri zuen Europako kostaldean. Sufre oxidoaren isuriak gehien jasaten dituzten herrialdeak Espainia, Italia eta Grezia dira. Eta hiriei dagokienez, Palma de Mallorcako, Veneziako eta Bartzelonako portuak daude.

Europa osoan bezala, Euskal Herri mailan itsas bidaien turismoa handitzen doa urteak aurrera egin ahala. Udako denboraldia hasi da jada, eta Pasaiako eta Getxoko portuak maiatzean jaso izan dituzte lehenengo itsasontziak. Hori dela bide, Getxon dagoen itsas bidaia ontzien terminala etengabe handitzen dihardute. 2020. urtean Getxon 60 eskala egingo dituzte mota honetako ontziek. Beraz, argitaratutako datuak kontutan izan beharko ditugula argi dago.

Temas

Euskera