Itsas arrantzari eta gizarte bizitzari lotutako lexikoa landu da azken Euskararen Herri Hizkeren Atlasean
Ekimenaren azken liburukia izango da, aldi edo etapa baten amaiera, baina etorkizuneko «aukera berriak» sortu direla azpimarratu dute Euskaltzaindiko arduradunek
Zurekin
Astelehena, 14 abendua 2020, 20:05
Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren XI. liburukiak itsas arrantzari eta gizarte bizitzari lotutako lexikoa landu du, besteak beste. Ekimenaren azken liburukia izango da, aldi edo etapa baten amaiera, baina etorkizuneko «aukera berriak» sortu direla azpimarratu dute Euskaltzaindiko arduradunek.
Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan aurkeztu zuten ostiralean Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (#EHHA) hamaikagarren liburukia, eta horrekin batera sortu den CDa. Aurrekoak bezala, Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu du Akademiak «lan mardul, zabal eta aberats hau».
Andres Urrutia euskaltzainburuak, Ibon Urgoiti Laboral Kutxaren Negozio Garapenerako zuzendariak eta Adolfo Arejita EHHA proiektuaren zuzendariak parte hartu zuten aurkezpen ekitaldian. Azaldu zutenez, 232 mapaz osaturiko liburuki berrian, ondoko gaiak jorratu dira: ofizioak eta tresnak; itsasontzia eta eskifaia; itsas arrantza eta beste lanbide batzuk; gizarte bizitza, pisuak, neurriak, dirua eta koloreak.
«Hamaikagarren liburuki honekin etapa bat amaitzen da, eta aukera berriak sortzen dira, askotarikoa baita 80. hamarkadan jasotako materiala, beste egitasmo batzuk ontzeko baliagarri izan daitekeena», esan zuen Andres Urrutiak.
Gainera, eskerrak eman zizkion Laboral Kutxari, «hasiera-hasieratik proiektua babestu duelako», eta gogoratu zuen Atlasaren eduki guztiak, XI. liburukia barne, Euskaltzaindiaren webgunean daudela gordeta, herritarrek nahierara kontsulta ditzaten.
Jakintza partekatzeko borondatea
Ibon Urgoiti pozik eta harro agertu zen banketxeak proiektua babestu izanaz, eta eskerrak banatu zituen langile eta lekukoen artean: «Asmo handiko proiektu honetan lagundu eta parte hartzen duten guztiei beraien lana eskertu nahi nieke. Batez ere, euren jakintza partekatzeko borondatea erakutsi duten pertsona guztiei. Beraien testigantzei esker, gure euskara maitea berreskuratzea lortu da eta zainduta geratuko da betirako».
Bestalde, Adolfo Arejitak Atlasaren edukiari erreparatu zion. Azaldu zuenez, «Atlas honek, euskararen lehenaren ezaguera sendo eta ziur baten oinarriturik, gaur egungo eta geroko euskarak bizirik irauteko eta modernizaziorako zimendu egonkorra eskaintzen digu. Huraxe izan zen Azkueren gogoa. Horixe Mitxelenarena. Eta horretan dihardu Euskaltzaindiak, mende bete igaro ondoren, bere eginbideari tinko heldurik, gure aitzinekoen gogo eta borondateari jarraiki».
Hamaika liburukiak sarean
Hortaz, EHHAren 11 liburuki kaleratu dira, eta guztiak daude kontsultagai, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean. Izan ere, hamaikagarrena ostiralean bertan jarri da publikoaren eskura.
Horrez gain, V. eta VI. liburukiak ikusgai eta entzungai daude webgunean: batetik, liburukien testu osoak PDF formatuan irakur daitezke, osorik; eta, bestetik, lekukoek emandako erantzunak entzun daitezke, V. zein VI. liburukiaren audioak ere eskegita daudelako Akademiaren webgunean bertan.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasak ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galde sorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galde sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia.
Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira (batez beste, 27 ordu herriko).