https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Istanbul

Santa Sofía eta Meskita urdinaren irudia./Efe
Santa Sofía eta Meskita urdinaren irudia. / Efe
Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Istanbul entzuten dugunean, hiriburu handi batera joaten zaigu gogoa, Europaren eta Asiaren artean, bi zibilizazioren artean dagoena, biak fisikoki lotzen dituen Bosforo zubia eta guzti. Hainbat izen ezagutu dituen hiria ere bada: Bizantzio eta Konstantinopla, historiaz betetako hiriak biak ere. Erromatar Inperioa, Bizantziokoa eta Otomandarra ere ezagutu zituen. Stefan Zweigek atal gogoangarri bat eskaini zion Bizantzioren konkistari 'Gizadiaren une gorenak' liburuan. Historia oparoaz gain, berezko magia eta musika duen hiria da, islamismoaren eta Atatürken laikotasunaren artean harrapatua, bidegurutze izaerako hiria, bere burua uraren gainean islatua ikusten duena. Ekialdea eta Mendebaldea aldi berean.

Baina Istanbul asko aldatu da azken hamarkada hauetan. Haren izena Europako hiriburu handienekin lotzen dugu, Paris eta Londresekin, Madril eta Erromarekin, Berlin eta Moskurekin. Biztanle kopuruari erreparatuz gero, ordea, Istanbul neurriz gaindi egiten duen munstro baten pareko agertzen zaigu. Ingalaterrako hiriburuak ia 9 milioi biztanle dauzka; Frantziakoak, berriz, 2 milioi; Espainiakoak 3 milioi, Alemaniakoaren paretsu. Moskuk 13 milioi. Bada, Istanbulek 14 milioi biztanle dauzka. 70eko hamarkadatik aurrera jende ugari etorri zen Anatoliatik hiriaren kanpoaldeko fabriketan lan egitera. Jendea muinoetan bizi zen, bere kabuz eraikitako txaboletan. Baina txabola horiek ugarituz joan ziren herri bihurtzeraino, eta, azkenik, hiriak bere baitan hartu, eta irentsi egin zituen. Berriki irakurri dudan Orhan Pamuken 'Una sensación extraña' eleberriak garai eta prozesu horren berri ematen du maisuki Mevlut Karatas boza eta jogurt saltzailearen eskutik. Mevlutek tradizioei eta fedeari eusten die, baina baditu tradizioaren ifrentzuan dauden lagunak ere, esaterako, Ferhat komunista. Mevlut herri txiki batetik etorri zen Istanbulera; edo, hobe esan, hiriaren kanpoaldeko muino batera, aitari laguntzera. Ikasketak egin nahi zituen, norbait izan, baina hiriaren zurrunbiloan geratuko da harrapatuta betiko, ia beti txiro. Pamukek XIX. mendeko tradizioaren moldeak dituen eleberri errealista idatzi du, baina gaur egungo hizkerarekin eta ikuspegiarekin, ahots askorekin. Kontakizunean zehar islamistak, nazionalistak, ezkerreko jendea eta kurduak ikusiko dugu, militarren estatu kolpea, batzuen zein besteen bilakaera, hiriaren beraren joan-etorriak eta joko zikin orotarikoak.

«Ahizpa txikienari idatzi arren, bigarrenarekin ezkondu zen morroia» deitzen diote protagonistari. Izan ere, bere lehengusuaren amarru bati esker, okerreko emakumearekin ezkonduko da Mevlut, Rayiharekin, baina okerreko hori izango da, hain zuzen ere, eta bitxiki, benetakoa. Korkut eta Süleyman lehengusuak aberasten ikusiko ditu Vuraldarren negozioetan sartuta, baina Mevlutek nola hala lortuko du bizimodua ateratzea. Zintzo fama dauka, baina batzuetan, zintzotasun horrek ere badu neurri batean ausardia faltatik edo konformismotik. Zuzen jokatzea atsegin du, diru irrikekin itsutu gabe. Ez du gehiago behar. Bereen maitasuna dauka. Aske sentitzen da gauean boza edaria saltzera doanean, bezeroekin hitz egiten duenean, batez ere ile zuriko Gorentasunarekin. Erabat galtzen ari den ohitura da bozarena, Istanbulek garai batean oso berezkoa zuena, alkoholdun edariak debekatuta zeudenean. Azken batean, teorian bozak ez du alkoholik, baina ez dirudi hori guztiz egia denik. Mevlutek tinko eusten dio ohiturari; ez bakarrik ohituragatik beragatik, saltzaile ibiltzeak Istanbuleko auzo eta kalexkak zeharkatzeko aukera ematen diolako baizik, ameskerietan ibiltzekoa. Mundu zaharra desegiten eta mundu berria etortzen ikusi du bere begiekin. Lapurtu ere egingo diote. Jada ez du sentituko zerikusirik duenik biztanle berri horiekin. Gure saltzailea ez da ondo moldatzen hormigoizko mundu erraldoi horretan. Hondeatzailearen palaren kolpe bakar batek bertan behera bota ditzake bizitza oso bateko oroitzapenak. Haren gorabeheren eskutik aisa hauteman daiteke garai oso baten desilusioa.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos