https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Isiltzeaz

Liburuaren azala./
Liburuaren azala.

JAVIER ROJO

Arantxa Iturbek erraztasun handia du gero kontakizunen abiapuntu izango diren egoerak asmatzeko. Badaki mundua ikusten, eta azalekoaren atzean ezkutatzen dena begiratzen. Hori dela-eta, gai da hogeita hamarren bat narrazio biltzen dituen liburu bat idazteko, 'Honetara ezkero' izenburuko honetan geratzen den bezala. Egoera desberdinak aurkezten dira liburu horretako narrazioetan, eta guztiak giza harremanetan oinarritzen dira, askotan familia barruan eraikitzen diren giza harremanetan. Hauetan nolabaiteko botere-lehia planteatzen da, non bakoitzak besteei gaitzesteko gauza asko dituen. Baina gaitzespenak norberaren baitarako gordetzen dira. Horixe da ipuin hauetan agertzen diren egoeretan nabarmentzen den ezaugarrietako bat. Denboraren igarotzeak giza harremanak poliki-poliki hondatzen ditu, desgastatuta geratu arte. Baina egoera honen aurrean pertsonaiek ez diote ezer komentatzen elkarri. Egoera higatzen uzten dute, hondamendia ezinbestekoa izango balitz bezala. Eta elkarri esateko zirenak norberaren barruan gordetzen direlarik, herra moduko bat garatzen da harremanean.

Esan liteke Arantxa Iturberen narrazio gehienetan pertsonaiek berek sortzen duten inkomunikazio honetaz aritzen dela, isiltasuna, esan-beharrekoak ezkutatzea erdigunean delarik. Liburuan hogeita hamar narrazio inguru biltzen dira, eta aldez edo moldez guztiak aritzen dira gai horren inguruan. Narrazioak, beraz, labur xamarrak dira eta halako bilduma batean agertzen dena errepikakorra gerta daiteke, azken finean gai beraren inguruko bariazioak aurkezten baitira. Egoeraren funtsean sakontzearen sakontzeaz, narrazioetan geratzen dena, batzuetan, aldez aurretik antzeman daiteke arazorik gabe.

Narrazioak

Egilea:
Arantxa Iturbe Argitaletxea: Susa Zarautz, 2017136 orr. 16,00 euro

Ipuinak, bestalde, eskematikoak dira. Ez da inguruari buruzko xehetasunik eskaintzen, ez dakigu noiz eta non gertatzen diren, dena gure ingurukoa dirudien mundu lauso batean geratzen baita. Honi gaineratu behar diogu idazleak teknikaren aldetik erabiltzen duen baliabide garrantzitsuena elipsia dela, teknikan ere isiltasunaren ideia aplikatuta. Gandu batek inguratzen ditu istorioak eta zirriborro horien artean irakurleak irudiak osatzen saiatu behar du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos