https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Isilak

Emakume baten pentsamenduak irudikatzen duen arbela./
Emakume baten pentsamenduak irudikatzen duen arbela.
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Oso irekiak ez garenok geure estimuak ia sekretuan gordetzen ditugu. Nire gurasoen lagun asko, esaterako, pertsona adindunak, gehienak, sinpatia handia sorrarazten didate: maite ditudala esango nieke, baina beraiek ez dute inoiz nire emozioak horiek direla susmatuko. Asko kostatzen zait sentimenduak azalaraztea: batzuetan, gehiegi hunkituko naizen beldur naiz; beste batzuetan, nire hitzak faltsuak entzungo direla pentsatzen dut, eta gehiengoetan lotsak mutu uzten nau. Hori dela eta, pertsona eztitsu eta komunikatiboak miresten nituen gaztea nintzenean. Zaila da oso «maite zaitut» edo «estimatzen zaitut» esatea, baina pertsona horientzat oso erraza dirudi. Bolada batean, nire jarrera aldatzen saiatu nintzen. Begietara begiratzen nien maitatzen nituen horiei eta mihiraino zetozkidan hitzak, baina hantxe gelditzen ziren, harresi saihestezin baten aurrean. Gero poliki-poliki nire izaera onartzen joan nintzen, nonbait. Orain, zentzu horretan, bidaia luze bat egin dudala sentitzen dut zeren eta, egun, oso eztitsuak diren pertsonak ez didate fidagarritasun berezirik ematen.

Hamaika aldiz entzun dut nik gauzak okertzen direnean, momentu gogorrak datozenean, jendeak harritzen gaituela. Hau da, sorpresak daudela. Laguntzat geneuzkan asko ez dira azaltzen, eta, aldiz, gerturatzen dira beste batzuk, urrunagoak sentitzen genituenak. Bigarren taldekoak zoragarriak dira; agian, urteak zeramatzaten geure alboan, baina oso modu diskretuan. Oso irekiak eta eztitsuak zirenak gure arreta zuten, eszenaren erdian zeuden, antzezlanaren paper printzipalak hartuz. Baina argiak itzaltzen direnean, protagonista asko desagertuko dira. Geurekin jarraitu dutenei begiratzerakoan, geure buruari galdetuko diogu non egon ote diren pertsona horiek azken urteotan. Erantzuna erraza da: geure alboan egon dira beti, baina isilik. Badirudi isiltasunak eta diskrezioak prestigio handirik ez dutela gaur egun, baina isilek besotik heltzen digute zorabiatuta gaudenean eta benetako eztia zer den erakusten digute. Eta dena, ahoa ireki barik.

Temas

Euskera