Irudi garaikide, koloretsu eta musikalez beteriko kartela
Ruben Ramosek diseinu inklusiboa hautatu du, «kultura bera delako beste leku batera eramaten gaituenaren isla»
n. c.
Martes, 6 de diciembre 2022, 10:00
Kulturarentzat urte zailak izan dira azken bi hauek, baina aurten, zorionez, heldu da berriz ere 'eztanda' egiteko aukera. Landako Gunearen barnean biziko den emozioa, zirrara eta festa irudikatzeko ideia bakarra etorri zitzaion burura Ruben Ramosi, aurtengo kartelaren egileari: «Unibertsoaren Big Bangaren hedapena». Diseinuari buelta asko eman zizkiola aitortu du artistak: «Hasiera batean ez nekien zein izango zen 'eztanda' hori -aurtengo leloarena- errepresentatzeko modurik egokiena». Azkenean, baina, eta bere talentuaz baliaturik, kartel garaikide, koloretsu eta musikala sortu du aurtengo 57. edizioari ongietorria emateko.
Publicidad
Ilustrazioak, unibertsoaren sorreraz haratago, inklusibotasuna ere jorratzen du. Ramosek berak adierazi duenez, «inklusibotasunaren baitan irudikatu ditut pertsonen -ez emakumeen ez gizonen- ideiak, ilusioak eta norberaren imajinazio koloreduna. Kultura bera delako, bai literatura zein musika, beste leku batera eramaten gaituenaren isla».
Horretaz guztiaz gain, gazteak izan ditu jomugan kartel garaikide horren sorkuntzan, eta azaldu du: «Kolore paletak eta ikonografiak sintetizadore retroetatik edaten dute. Bestalde, gainera, tipografia eskuz dago landuta, puntu psikodeliko eta musikatu bat emanez nire lanari».
Kartelarekin batera, Ramosek ikono berri bat sortu du aurtengo ediziorako, 'DA!' (Durangoko Azokaren siglak) irudi korporatiboarekin batera zabalduko dena: «Markari buelta bat eman diot ikonografia txiki bat diseinatuz. 'Eztanda' da Azokaren aurtengo leloa, eta antolatzaileek hori irudikatu behar nuela esan zidaten. Ba nik 'stand' eta 'DA' hitzak elkarganatu ditut, biak irakurriz 'eztanDA' hitza sortzen delarik». Diseinu hori sare sozialetan partekatu zuen eta jendearen erantzuna «oso positiboa» izan zela aitortu du.
Ruben Ramos donostiarra da eta ibilbide luzeko diseinatzaile eta sortzailetzat definitzen du bere burua. Azken urteetan hainbat agentzia, negozio txiki, konpainia handi eta erakunde publikorentzat egin du lan. Horien artean, besteak beste, Donostiako Zinemaldia, Heineken Jazzaldia, Etxepare Euskal Institutua, Dbus eta Loreak Mendian. Aurten, gainera, 'Aise Studioa' sortu du Gipuzkoako hiriburuan beste lagun batekin batera. Sormen estudio bat da hori, marka, erakunde eta enpresentzako ikusizko produktuak diseinatzera bideratuta dagoena.
Publicidad
Txikitatik joan izan da Ruben Ramos Durangoko Azokara bisitan. Oraindik ez ditu ahazten haurra zela eskolarekin Landakora egiten zituen txangoak. Gerora, familiarekin edo lagunekin hurbildu izan da, eta beti pasatu izan du «primeran». Horrexegatik hain zuzen, «harridurarekin» baina «ilusio handiz» hartu zuen antolakuntzaren deia Durangoko Azokako 57. edizioko kartela egiteko. «Erantzukizun handia izan da, baina eginda dago jada eta oso pozik nago erantzunarekin», esan du aurten Azokari irudia jarri dion sortzaileak.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión