https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Irribarria eta Zabaleta jaun eta jabe

Irribarria eta Zabaleta jaun eta jabe

Nafarrak eta gipuzkoarrak erreztasun handiz menderatu zituzten Elezkano II eta Rezusta

UNAI SARRIUGARTE

Ez dugu kalkuluak egiteko beharrik izango asteburu honetako finalerdietako azken partiduetan. Irribarriak eta Zabaletak espero baino errazago gailendu ziren Elezkano II eta Rezustaren aurka (22-12), eta apirilaren 7an Bilboko Bizkaia frontoian jokatuko den finalerako txartela lortu zuten. Bikote ezkertiak partiduaren hasierari gogotsu eta egokitasunez ekin bazion ere, 7 tantoko berdinketatik aurrera aise aritu ziren faboritoak. Atzeko koadroetan Zabaletak erakutsitako nagusitasunari probetxua atera zion Aramako aurrelari gazteak, eta 12 egindakorekin bukatu zuen norgehiagoka.

Larunbateko partiduan, beraz, sentsazio onak mantentzeko helburua soilik izango du bikote finalistak. Bertan, jada eliminaturik dauden Victor eta Albisuren aurka arituko dira, finalerdietako ligaxkan euren lehen puntua lortzeko gogoz azalduko direnak.

Azken horiek, Altuna eta Martijaren aurka galdu zuten finalerdietako beste partidua eta, hala, agur esan zioten txapelketari. Albisuren partidu paregabeak eta Victorren bertsio hobeago batek ez zieten balio izan 22. tantora heldu ahal izateko (22- 19). Ez dira gutxi izango, seguru, Olaizola II.a faltan bota duten afizionatuak. Irabazleek, Jokin Altuna, aurreko koadroetan maisu, eta Julen Martija, beti bezala egoki eta borrokalari, finalean sartzeko aukera bere esku izatea lortu dute.

Igandean, Donostiako Atano III.ean jokatuko da finaleko bigarren bikotea zein den erabakiko duen partidua. Elezkano II- Rezusta eta Altuna III- Martija arituko dira nor baino nor, orekatua eta borrokatua espero den norgehiagokan. Bi bikoteak aritu ziren batera pasadan urteko binakako txapelketan ere. Aurtengo txapelketan, ordea, ezberdinak dira oso batak eta besteak izan duten norabidea.

Danel Elezkano eta Beñat Rezusta oso indartsu hasi baziren ere, azken partiduetako sentsazioek zalantzak sortu ditu ezkertien bikotean. Halere, faborito aterako dira kantxara. Bestalde, Altuna eta Martija ia txapelketatik kanpo zeuden txapelketako ligaxkako lehen buelta bukatzean (7tik 2 puntu soilik). Azken txanpara konfiantzaz gainezka heldu da, ordea, txapelketako bikoterik gazteena.