https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Irribarria, pilota eta Ingeniaritza ikasketak uztartzen dituen txapelduna

Mikel Irribarria, duela gutxi egindako elkarrizketa batean./
Mikel Irribarria, duela gutxi egindako elkarrizketa batean.

Pasa den igandean irabazitako txapelarekin aurrelari aramarrak bi ditu Buruz Burukoan eta Binakako bat irabazi izan zuen 2017. urtean

UNAI SARRIUGARTE

Iker Irribarria oso famatua da euskal pilotaren munduan. 22 urte eskasekin hiru txapela irabazi eta beste bi txapelketetan txapeldun orde izana da. Pasa den igandean irabazitakoarekin bi sari jaso ditu Buruz Burukoan eta Binakako bat irabazi izan zuen 2017. urtean.

Edonola ere, kirolaren mundutik kanpo Irribarria buru belarri lanean diharduen gaztea da. Pilota Ingeniaritza Mekanikoko ikasketekin uztartzen du, eta, aurten, gradu horren laugarren maila egiten dabil Mondragon Unibertsitatean. Hortaz aparte, bitxitasun gisa, Irribarriaren familian kirolari profesional bat baino gehiago dagoela aipatzea merezi du. Izan ere, aurrelari gipuzkoarra Aritz Elustondo Realeko atzelariaren lehengusua da.

Aramarrak Ordiziako Txapagain Pilota Eskolan eman zituen lehenengo urratsak. Profesionaletara salto egin baino lehen txapelketa batzuk irabazi zituen: 2012an Promozioko Buruz Buruko txapeldunordea izan zen, eta 2014an Diario Vasco Torneoko txapelduna, Joxean Tolosa Torneoko irabazlea eta baita Lau eta erdiko Elite Torneoko garailea ere.

Pasa den igandean, berriz, Mikel Urrutikoetxea izan zuen aurrez aurre. Partida hasi aurreko apustuek gipuzkoarraren alde egiten zuten, 100-80, baina Urrutikoetxea aurretik hasi zen partidan. Hala ere, norgehiagokak gora behera ikaragarriak izan zituen. Urrutikoetxeak 12 tanto egin eta 6 galdu izan zituen. Irribarriak, berriz, 16 egin 8 kale. Sakeak alderatuz gero, tanto gehiago lortu zituen gipuzkoarrak, baina, huts bat ere egin zuen.

Partidaren lehenengo txanpa Irribarriarentzat izan zen. Aurrelariak erakutsitako joko bikainak eta sake bortitzei esker, partidaren lehen atsedenaldian 4-6 irabazten zihoan. Baina Urrutikoetxeak partidari buelta ematea lortu zion. Izan ere, zaratamoko atzelariaren sakeek eta antxoan egindako gantxo ikaragarriei esker 8 tanto jarraian egin zizkion: Irribarria 12-7 galtzen zihoan.

Dena den, gipuzkoarrak ez zuen amore eman eta partidaren erdialdean aldea nabarmen murriztu egin zuen. Urrutikoetxeak sakez ekin zion orduan erasoari, eta bost tantoren tartea atera zion (15-10). Kolpean, ordea, alde handia egon zen eta Irribarriak markagailua 15na berdintzea lortu zuen. Izan ere, aramarrak ezker eskuarekin jotako pilotakadak ikaragarriak izan ziren eta baten baino gehiagotan buruz gain pasa zitzaion pelota zaratamokoari. Egia da, zabalean bat baino gehiago galdu zuela ere aurrelariak.

Irribarriak egindako huts batek 17-15 jarri zuen partida. Baina, berriro ere 17na berdindu zuen. Ondoren, Urrutikoetxeak egindako hutsek 3 tantoko aldea eman zion aurrelari gipuzkoarrari, 18-21. Atzelariak distantzia murriztea lortu zuen egindako sake eta dejada ezinhobe bati esker. Baina Zaratamokoak egindako huts batek azkenean Irribarriari eman zion garaipena. Norgehiagoka parekatu xamar hasi eta horrela amaitu egin zen 20 eta 22 aramarraren alde. Esan dezakegu, beraz, Irribarria atzeko koadroetan jaun eta jabe izan zela.