https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

17 irrati berri, entzungai

17 irrati berri, entzungai

2012ko lehiaketa batean inori eman gabe geratutako 17 lizentzia esleitu ditu orain Eusko Jaurlaritzak

AMALIA IBARGUTXI

Eusko Jaurlaritzak, Balorazio Mahaiak proposatuta, 2012an egin zen lehiaketa publikoaren ondoren esleitu gabe geratu ziren irrati-lizentziak behin betiko adjudikatzea onetsi du. Gauzak horrela, eman gabe geratu ziren 17 lizentziak adjudikatu ditu orain Jaurlaritzak; beste 17ak, epaia exekutatuz emanak ziren lehenago, lizitatzaileetako batzuek auzitegien aurrean aurkeztutako errekurtsoen ondoren.

Lizentzia emateari uko egitea erabaki zuen interes publikoko arrazoiengatik Gasteizko exekutiboak, eta Gobernu Kontseiluak asteazkenean onetsi zuen frekuentzia-modulaziodun uhin metrikoko irrati komunikazio-zerbitzuetarako lizentziak emateko akordio-proposamena, Kulturako sailburuaren 2012ko otsailaren 29ko agindu bidez deitutako lehiaketa publiko hari lotuta.

Exekutiboak une hartan uko egin zion lehiaketa horri eta, ondorioz, lizentziak adjudikatu gabe geratu ziren. Lehian zeuden 34 lizentzia horietatik 19k errekurtsoa aurkeztu zuten, eta bai Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak bai Auzitegi Gorenak erabat deusez deklaratu eta gero epai batean baino gehiagotan uko egite hura, 19 lizentzietatik 17 eman ziren eta, hortaz, behin-behineko adjudikazioak, uko egitearen ondorioz esleitu gabe geratu zirenak, behin betiko bilakatu ziren.

Beste bi lizentziei dagokienez, behin betiko adjudikazioaren aurka errekurtsoa jarri zuen hirugarren batek, eta deuseztatuta geratu ziren adjudikazioak, ez adjudikatzearen egokitasuna aitortu baitzuten auzitegiek.

Hala, Gobernu Kontseiluak, 2018ko uztailaren 17an, onetsi egin zuen 2012ko abenduaren 11ko Gobernu Kontseiluaren Akordioa ofizioz berrikustea, eta joan den urteko uztaileko agindu bidez, Gobernu Kontseiluak bertan behera utzi zuen 2012ko abenduaren 11ko Gobernu Kontseiluaren Akordioa.

Balorazio Mahaia osatu dute Telekomunikazioetako teknikari bat eta teknikari juridiko batek, biak Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Gizarte Hedabideak Zerbitzukoak; Ogasuna eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoko kontu-hartzaile bat; eta Gobernantza Publikoa eta Autogobernua Saileko Informatika eta Telekomunikazioen Zuzendaritzako teknikari bat (kasu honetan, Informatikako arduraduna); baita Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendaria ere, Mahaiko presidente gisa jardunez.

Temas

Euskera