https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Iratxe Fresnedaren 'Lurralde hotzak' film luzea, Oihaneder Euskararen Etxean

Iratxe Fresnedaren 'Lurralde hotzak' film luzea, Oihaneder Euskararen Etxean

'Irrintziaren oihartzunak' filmaren ondoren, zuzendariak egin duen bigarren film luzea da

PAUL PICADO

Iratxe Fresneda zuzendariaren 'Lurralde hotzak' film luzea emango dute asteazkenean Oihaner Euskararen Etxean; Ortuño aretoan, zehazki. Hilabete honetan zenbait jarduera antolatu dituzte Oihaneder Euskararen Etxean 'Ereiaroa' izeneko zikloaren barruan, eta Fresnedaren film honek zikloari hasiera emango dio. Zuzendariaren bigarren film luzea da, izan ere, 2016an, 'Irrintziaren oihartzunak' izeneko filma aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldian, Zinemira atalean.

Film horretan, Mirentxu Loiarte lehen zinema-zuzendari euskaldunaren lanak eta zenbait bizipen bildu zituen, eta oso iritzi onak jaso zituen. Horrela, nazioarteko zenbait zinemaldietan ere eman zuten. Bestalde, euskarazko lan onenaren saria jaso zuen Cine Invisible-Film Sozialak Nazioarteko Zinemaldiaren 9. edizioan.

Iaz, asteazkenean Ortuño aretoan emango duten 'Lurralde Hotzak' aurkeztu zuen. Berez, ez-fikziozko dokumental bat da, eta zuzendariak irudi zinematografikoen egoeraren inguruan gogoeta egiten du, zinemagintzaren historiaren aztarnak eta gaurko baliabide zinematografikoak erabiliz.

Artista desberdinen hitzen eta lanen bidez, Euskal Herritik Suedia, Alemania eta Danimarkara egiten du bidaia, besteak beste Eduardo Chillida, Bego Vicario, Lars Trier edo Rut Hillarp artisten lanen bitartez. Artxiboko irudiak eta filmatutako gaur egungo irudiak tartekatzen ditu, iraganaren eta orainaren arteko lotura bilatuz. Azken batean, film luze honen helburua da fikzioa eta errealitatea, begiratzen duenaren eta begiratua izaten denaren begirada, zeluloidea eta irudi digitala, iragana eta oraina lotzea.

Temas

Euskera