https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Irati Alcantarilla lapurtarrak irabazi du Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolaritza Txapelketa

Irati Alcantarilla, txapeleketa irabazi ondoren./Bertsoa.eus
Irati Alcantarilla, txapeleketa irabazi ondoren. / Bertsoa.eus

Lehiaketan parte hartu duten 98 gaztetxoetatik hamahiru baino ez dira iritsi aurtengo finalera

UNAI SARRIUGARTE

Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolaritza Txapelketaren XXXI. edizioa ospatu zen larunbatean, Sarako trinketean (Lapurdi). Bertan 15 eta 18 urte bitarteko hamahiru bertsolari aritu ziren aurrez aurre oholtza gainean eta Irati Alcantarilla lapurtarra bilakatu zen txapelketaren garaile.

Bestalde, hamaihiru finalistak honako hauexek izan ziren: Arabatik, Aroa Arrizubieta eta Aitor Ugarte; Bizkaitik, Bittor Altube eta Maite Sarasola; Gipuzkoatik, Aner Euzkitze eta Aitor Tatiegi; Lapurditik, Irati Alcantarilla eta Naia Etxeberri; Nafarroatik, Xabat Illarregi eta Ekhiñe Zapiain; Nafarroa Beheratik, Unai Harluxet eta Ekhi Perrier; eta Zuberoatik, Leire Casamajou.

Julene Etxeberri saratar bertsolariak egin zuen gai jartzaile lana. Lehiaketak berritasunezko gaiak izan zituen hizpide: aurtengo ikasturtearen nondik-norakoak edota sare sozialak azken urteotan jaso izan dituzten kritika eta komeriak.

Saioaren lehen zatian, agurra eta bi ofizio egokitu zitzaizkien bertsolariei; lanotan puntu gehien jaso zituzten seiak pasatu ziren bigarren norgehiagokara: Alcantarrila, Altube, Arrizubieta, Illarregi, Peritz eta Tatiegi, hain zuzen ere. Joana Itzaina itsasuar gai-jartzaile, epaile eta ortofonistak iragarri zuen nortzuk heldu ziren aurtengo finalaren azkeneko txanpara.

Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketaren XXXI. edizioak aurten ere Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean egindako lanari esker izan da posible. Aurtengo edizioan Aitor Sarasua Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari ohia eta bertsozale elkarteko eragile eta bertso irakasle izandakoa omendu zuten. Haren alaba Maddi izan zen aurtengo irabazleari txapela ipintzen protagonista. Aurtengo irabazlea Irati Alcantarilla lapurtarra izan da. Saioaren ondoren, udalerriko Lur Berri aretoan bazkaldu zuten finalistek eta Sarara bertaratutako bertsozaleek.