https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Iraitz Lazkano da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen presidente berria

Iraitz Lazkano Elgetako alkatea da./E. C.
Iraitz Lazkano Elgetako alkatea da. / E. C.

Hurrengo urteotako beste erronka garrantzitsu bat UEMA udalerri gehiagotara handiagotzea izango da, euskararen arnasguneak gero eta gehiago izan daitezen

UNAI SARRIUGARTE

Iraitz Lazkano da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen presidente berria. Izan ere, UEMAk zuzendaritza berritu zuen pasa den asteburuan Getarian (Gipuzkoa) burututako batzarrean. Batzarkideek egun Elgetako alkatea den Iraitz Lazkano aukeratu zuten lehendakari datozen lau urteetarako. Lazkanok Josu Labakaren testigua hartu du. Era berean, Bermeoko alkate den Aritz Abaroa izango da mankomunitatearen lehendakariordea. Hauexek beste bederatzi kide izango dituzte.

Aurreko agintaldian UEMAk egindako lan ikaragarria goraipatu zuen Lazkanok, erakunde hauxe sendotzeko lan bikaina egin dela nabarmenduz. Bere esanetan: «Sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartu dut. Udalerri euskaldunen garrantzia lehen lerrora eraman nahi dugu UEMAn».

Lazkanoren gidaritzapean egongo den taldeak euskararen erabileraren normalizazioan salto kualitatiboa ematea du helburu. Hauek lortzeko mankomunitate honen kide diren 86 udalerrien ausardia, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira.

Agintaldi berriko zuzendaritzan zenbait talde politiko ezberdinetako kideak daude, EH Bildu, PNV eta zenbait talde independenteetako kideak, hain zuzen. Elkarlana sustatzeko ezinbestekoa da kultura politiko ezberdinetako taldeak erakundean uztartzea.

Hurrengo urteotako beste erronka garrantzitsu bat UEMA udalerri gehiagotara hadiagotzea izango da, euskararen arnasguneak gero eta gehiago izan daitezen. Egun UEMA euskal lurraldeko 86 udalerritako 245.000 biztanlek osatzen dute.