https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Irailean EITBk 'Ahotsak' abesbatzen arteko norgehiagoka estreinatuko du

Irailean EITBk 'Ahotsak' abesbatzen arteko norgehiagoka estreinatuko du

Zortzi saio izango ditu eta 24 koruk hartu dute parte bertan

UNAI SARRIUGARTE

Irailean EITBk 'Ahotsak' abesbatzen arteko norgehiagoka estreinatuko du. Egunotan programaren grabatze lanetan dihardute. Programak zortzi atal izango ditu eta bertan 24 koru ezberdinek hartu dute esku. Gala bakoitzean hiru talde arituko dira lehian. Julian Iantzi lesakarra egongo da aurkezle lanetan eta telesail osoan Hibai Etxebarria musikari eta pedagogoaren laguntza izango du.

Saio honetan abesbatzek hiru erronkari egin beharko diote aurre. Lehendabizikoan, eurek aukeratuko dute abestia, baina hauxe bideoklip moduan abestu eta antzeztu beharko dute. Abesbatza bakoitzak erabakiko du bideokliparen kokalekua, koreografiaren pausuak eta erabiliko dituzten musika tresnak. Estetikoki oso jorratua egon beharko da, paisaiak garrantzi handia hartuko du bertan.

Aipatu dugunez Hibai Etxebarria musika aditua egongo da Julian Iantzi laguntzen. Etxebarriak abesbatza bakoitzak eginiko bideokliparen balorazioa eman beharko du eta hauei erronka bat jarri. Ondoren, bigarren kanta bat aukeratu beharko du koru bakoitzak eta abesti hau erabiliz bigarren bideo bat grabatu.

Saio bakoitza Hego Euskal Herriko udalerri batean grabatzen ari dira. Herritarrek bideoklipa ikusi eta onena aukeratuko dute. Ondoren, berriro ere Etxebarriaren txanda izango da, hark erronkari hobekien aurre egin dioten abesbatzak hautatuko ditu. Azkenik, koru ezberdinak oholtza gainean zuzenean arituko dira eta, bertatik irabazle bat irtengo da.

Txapelketan hainbat herritako 24 abesbatzak hartuko dute parte. Saioak bederatzi herri ezberdinetan egin dira: Zarautzen, Ordizian, Hernanin (Gipuzkoa), Elorrion, Bermeon, Lekeition (Bizkaia), Lizarran (Nafarroa),Gasteizen (Araba) eta finala, Donostiako Saguesen.

Telesailak zenbait generotako kantak uztartuko ditu: Euskal Herriko kanta tradizionalak, elizakoak, pop kantak, afrikarrak etab. Programa kalean eta leku ezberdinetan landu izanak ohiko talent-showetatik aldentzen du programa hau. Lehiaketa bigarren plano batean geldituko da. Izan ere, saioak ikusleen gozamena eta hunkigarritasuna bilatuko ditu.