https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Irailaren 27an nazioarteko klima aldaketaren aurkako greba orokorra antolatu dute

Irailaren 27an nazioarteko klima aldaketaren aurkako greba orokorra antolatu dute
Fotolia

Bertan Espainiako ehun erakunde inguruk hartuko dute esku

UNAI SARRIUGARTE

Irailaren 27an nazioarteko klima aldaketaren aurkako greba orokorra antolatu dute. Egun honek bi aldarrikapen nagusi salatuko ditu: berotegi efektua eragiten duten gasen emisioa etetea eta klima larrialdi egoera adieraztea. Ekimen honetan Espainiako ehun erakunde inguruk hartuko dute esku. Bertan Euskadiko zenbait elkartek parte-hartuko dute: Ekologistak Martxan, Euskal Gune Ekosozialista edota Butroi Bizirik en Transición esaterako.

Halaxe helarazi dute erakunde hauek plazaratutako agiri baten bitartez. Bertan nazioarteko erakundeen hainbat ikerketek emandako datuak eman dituzte aditzera. Agiri honek dioenez, biodibertsitate galera dela eta itsasoko eta lurreko ekosistema asko galtzeko arriskuan daude. Hori dela bide, milioi bat bizidun espezie desagertzeko arriskuan daude.

Hori dela eta, erakunde hauek instituzio guztiei arduraz jokatzeko deia egin diete. Nazioarteko herrialde, autonomia erkidego eta udalei zentzuz jokatzeko eskatuaz. Hortaz, erakundeei klima larrialdi egoera adieraztea eta berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa etetea eskatu diete.

Eragile hauek diotenaren arabera lurrean pairatzen ari garen egoeraren larritasuna onartu eta horri aurka egiteko konpromiso errealak kontuan hartu behar direla eskatzen diete. Erregai fosilak alde batera utzi eta energia berriztagarrien aldeko apustu zuhurra egitea eskatuz.

Ingurumenari eragindako kalteak ezberdin eragiten dutela ohartarazi dute eragileek. Izan ere, kalte hauek klase sozialaren, sexuaren, jatorriaren edota gaitasunen arabera era ezberdinean eragiten dute. Hirugarren munduko herrialdeak hondamendi honetan erantzukizun txikiena dutenak dira. Era berean, mugen apurketa horien ondorioekiko zaurgarrienak dira.

Eragile ezberdinek irailaren 27ko nazioarteko greba orokorrean esku hartzeko deialdia luzatu diete herritarrei. Bertan kolektibo guztiek parte-hartu behar dutela aldarrikatuz: ikasleek, langileek, pentsionistek etab. Euren esanetan, etorkizuneko planeta bizi baten eta mundu justu baten alde denak bat egin behar baitute.