Borrar
Trueno Kapitaina E. C.
IRAILAKO HEROIAK

IRAILAKO HEROIAK

Urtero gertatzen den legez, uda sasoia ziztu bizian pasa da eta iraileko ohiturak gure artean ditugu

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Sábado, 15 de septiembre 2018, 01:07

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Urtero gertatzen den legez, uda sasoia ziztu bizian pasa da eta iraileko ohiturak gure artean ditugu. Sisiforen harria bezala, hor daude berriro ikasturte berriari buruzko publizitatea, itzulerako depresioa gainditzeko aholku amorragarriak, eta, nola ez, «udazken beroaren» mehatxua alde guztietan.

Azkenengo urteetan gutxiago ikusten da, baina hor dugu, baita ere, ezinbesteko beste erritu bat, bilduma exotikoak egiteko deia, iragarkietatik: 'Egizu zeure panpinen etxea'; 'II. Mundu Gerrako soldaduak'; 'Osatu eskeleto bat'... Sekula ez dut ondo ulertu usadio hori. Gure ekonomia uda amaieran egon ohi da hondatuen, eta orduan, askotariko bilduma bitxiak jartzen dizkigute erosgai begien aurrean. Adituren batek azaldu beharko digu ezkutuko zer arrazoik eraginda, faszikulu horietako batzuek, askotan, gure haurtzarora eraman nahi gaituzten berriro. Horien artean batzuk urtero ateratzen dituzte, honako hau adibidez: 'Betiko tebeoak: zure txikitako komiki-heroiak'. Zenbait aldizkaritan agertzen den iragarkian, nire belaunaldiari eta hurrenei oso ezagunak zitzaizkienak agertzen dira: Tintín, Trueno Kapitaina, El Fantasma, Flash Gordon, Hazañas Bélicas, Mortadelo y Filemón...

Orrialdearen goiko aldean hau irakur daiteke: «Badira beste mundu batzuk, zeinetan denbora gelditu egiten den. Haur-komikietako pertsonaia ospetsuenekin batera ordu asko ematen dira, zirraraz eta abenturaz beteriko orduak...».

Heroi horien irudiak ikuste hutsak zerbait astintzen du nire barnean. Tintin, Milou –haren txakurra– eta Haddock kapitainaren eskutik, besteak beste, Tibeteko lurraldeak ezagutu eta ilargia zapaldu nuen eta haien laguntzaile zirenekin, Hernandez eta Fernandez poliziekin, barrez lehertu nintzen askotan.

Trueno Kapitaina eta haren lagun minak, Crispin eta Goliat, nire lagun taldekotzat hartu nituen, eta laurok mundu osoan zehar ibiltzen ginen era guztietako gaizkileak garaitu nahian... Eta bai erraz bereizten genituela gaizkileak onetatik! Denek gaizkile-aurpegia zuten eta min egin nahi zieten gure heroiei. Zertarako azalpen gehiago?

Aitortu behar dut liburu zaharren azokan ni ere tentaldian erori naizela. Garai bateko haur-komikia erosita, etxean, nire pertsonaia kuttunak betikoak direla ohartu naiz: bihotz onekoak, eskuzabalak eta munduko injustizia guztiak musu-truk borrokatzeko prest daudenak.

Horrez gain, irakurlea aldatu da erabat. Orain «gaizkilearen» arrazoiak ulertu nahi ditut eta ez zait horren erraza egiten, onartzea, hiru morroi gai direla armada bat osorik suntsitzeko.

Eta batez ere, orain erabat galdu dut marrazkien barrura sartzeko ahalmena. Jada ez da horren erraza komikiaren baitan «bizitzea» eta Ivan Zuluetak horren ongi deskribatzen zuena lortzea: «estasiak» harrapatu zaituela sentitzea. Txikitan binetetan murgiltzen nintzen, 'Mary Poppins' filmearen pertsonaiak lurreko marrazkietan bezalaxe.

Bada, onerako eta txarrerako, haurtzaroan badugu ihes egiteko ahalmena, eta, ahalmen horri nekez eusten diogu nagusitzen garenean. Bestalde, hastera goazen ikasturtean borrokatu behar ditugun gaizkinak ez dira horren agerikoak izaten.

Izan ere, maiz, gure baitakoak izan ohi dira etsairik gogorrenak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios