Iraganeko doinuak musikaren eskutik
Betiko sortzaile ezagunez gain, hasiberriek ere beren lanak aurkezteko aukera izango dute Ahotsenean
Nahikari Cayado
Astelehena, 6 abendua 2021, 15:51
Literaturazaleez gain, musikazale eta kontzertuzaleek ere eskaintza anitza izango dute Durangoko Azokako edizio honetan. Euskal folklorea, rock, pop, folk, hip-hop, trikitixa, funk, reggaeton, flamenkoa, bakarlariak…, abenduaren 4tik 8ra bitartean ospatuko den deialdi honek ez du inolako generorik baztertuko. Eta beti bezala, eskaintza zabal horretan, talde ezagunak eta berriak aurki ditzakegu. Esaterako, euskal kantagintzak eman duen bakarlaririk enblematikoen eta gorenetako batekin hasiko gara, Ruper Ordorikarekin, alegia. Oñatikoak 'Amour eta Toujour' (Elkar) lana kaleratu berri du, CD formatuan. Kuban girotutako diskoak bat baino gehiago harrituko dituen melodiak batzen ditu bertan.
Jon Maiak, bestalde, bere letragile lana biltzen duen 'Kantu bat gara' diskoa dakar Azokara. Azken 30 urteetan Euskal Herriko hainbat musika talde eta artistentzat idatzi dituen kanta ezagunen bertsioak grabatu ditu Maiak, horiek guztiak artista ospetsuen laguntzarekin. Kolaboratzaileen artean, bertsolariaren alaba Eire ere topa dezakegu.
Eta aurtengo Durangoko Azokan bueltan izango dugun beste abeslari bat Mikel Urdangarin izango da. 25 urte bete dira 'Haizetara' lana argitaratu zuenetik. Orain, lan horren berredizioa kaleratu du: 'Haitzetan. 1997-2022'. Lan hori *Zart artisten kolektiboaren zigilupean argitaratuko da. Beste hainbat artisten artean, kolektiboaren kide dira Mikel Urdangarin bera eta Alain Urrutia margolari bizkaitarra, lan berriaren diseinuaren arduraduna, hain zuzen ere.
Zuzenekoek ere pisu handia izango dute aurtengo Azokan. Baina COVIDa dela eta, neurri zehatzak hartu dira. Plateruenaren kasuan erreserba-sistema jarriko da martxan Ahotseneako kontzertuetara joan ahal izateko. Abenduaren 4tik 8ra arte 50 kontzertu antolatu ditu Azokak Plateruenako eszenatokian. Bertan arituko dira, besteak beste, Bulego talde azpeitiarra, 'Erdian Oraina' azken lana aurkeztuko duena, Anari, Kai Nakai, Nikotina edota Skakeitan. Musikazaleek aldez aurretik izena eman beharko dute zuzenekoez gozatu ahal izateko, www.durangokoazoka.eus webgunean martxan jarriko den erreserba sistema baten bidez. Plateruenan ez da ostalariatza zerbitzurik egongo eta ezin izango da inolako edari edo jatekorik kontsumitu, ezta Landako Gunean ere, eta Landako Gunean bezalaxe, derrigorrezkoa izango da maskararen erabilera uneoro.