https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Iraganari begiradatxo bikoitza

Aitor Mazoren lekukoa hartuko duen Txomin Heguyen azkenengo lana izango da oholtza gainean./Loraldia
Aitor Mazoren lekukoa hartuko duen Txomin Heguyen azkenengo lana izango da oholtza gainean. / Loraldia

Arriaga Antzokian gaur taularatuko den 'Anton Abbadia Dublinetik Hendaiara' antzezlanak Loraldiaren erraiak izan ziren Lore Jokoak ez ezik, Aitor Mazo ere oroituko du

VIRGINIA ENEBRAL

Hiru urte igaro dira jada. Epe horretan hazia ernamuindu da, bere erraiak Bilbotik zehar zabalduz. Halere, sortu zen mamia mantentzen du Loraldiak: berrikuntza zeruertzean beti izanda, negu eta udaberriaren artean euskal kulturaren itsasargi bihurtu da. Eta gaur, jaialdiaren zertzelada batzuk aurretik burutu diren arren, laugarren edizioari hasiera emango dion saio berezia gauzatuko da Arriaga Antzokian. Iragana gogoratzen duen bitartean, aurrera ere begiratzen duen bitxia izango da.

Izan ere, 2015ean, jaioberria zen festibalari ongi etorria emateko Aitor Mazok Anton Abbadiaren izana eta izena hartu, eta Patxo Telleriak idatzitako testuan oinarrituz, zientzia eta kultur gizon hura bihurtu zen, bakarrizketa zoragarria eskainiz. Tamalez, handik gutxira Aitor Mazo joan zitzaigun. Aurten, haren oroitzapenetan, idazkia berreskuratu eta beste formatu batean taularatuko da. Txomin Heguy aktore lapurtarra izango da gaur arratsaldean oholtzara igoko dena, baina oraingo honetan protagonismoa partekatua izango da, hiru musikarik lagunduko baitiote.

«Abbadia iparra izan zen guretzat eta Loraldiko lehenengo edizio hura prestatzerakoan Lore Jokoak garrantzitsuak izan ziren; horregatik zerbait idazteko eskatu genion Patxori», azaldu zuen Aitor Narbaizak, jaialdiko produkzio arduradunak. Omenaldia egiteaz gain, testua errekuperatzeko arrazoia argia da: «Festibalaren ildoa oso ondo irudikatzen duela uste dugu».

Formatu txikiko ikuskizuna izango da 'Anton Abbadia Dublinetik Hendaiara', Arriaga Antzokiko eszenatokian bertan gauzatuko dena. Aktore, musikari eta publikoak espazio bera partekatuko dute, pertsonaiak transmititu nahi duena hurbilago sentiaraziz. Bi saio egongo dira, 19:00etan eta 20:30etan, baina bigarren emanaldiko sarrerak orain dela aste bat agortu ziren.

Ezina jorratu

«Gure kultura zaharrean, hots, XIX. mendetik lehenagokoan, dagoen bitxikeria eta salbuespen horietako bat da Abbadia», azpimarratu zuen testuaren egileak. «Garai hartan euskaraz eta euskal arazoez arduratzen zirenak apaizak ohi ziren, tradizionalak eta eskuindarrak alegia. Bera, ordea, Frantziako akademiako kidea zen, aristokratikoa, irlandan jaioa... ez zen edonor. Halere, Zuberoko arbasoei buruz gehiago jakin nahi izan zuen. Gutxi ezagutzen nuen bere istorioa», aitortu zuen Telleriak, “baina ikertu ahala, harridura handituz joan zen. Nire ustez, istorioak berak lilura hori sorrarazten baitu”.

Aitor Mazoren lekukoa Txomin Heguyk hartuko du. «Opari bat egin didatela uste dut», ziurtatu zuen iparraldeko aktoreak, nork idazkia irakurtzerakoan «biziki hunkituta» geratu zela gogoratu zuen. «Ezina hitza behin baino gehiagotan agertzen da. Ulergarria. Abbadiaren biografia aztertzerakoan zure buruari galdetzen diozu: gizaki batek posible ote du bere bizitzan zehar ezinezkoa jorratzea, ikertzea, ikustea, ikastea...?». Euskal kulturan Iparralde eta Hegoaldearen arteko «bidaiak» ez direla ia bideratzen tamaldu zuen Heguyk, eta jarraian, bere azkenengo lana oholtza gainean izango zela jakinarazi zuen.

Abentura honetara batu direnak Xabier Zeberio, Mixel Ducau eta Alaia Philips Ducau izan dira. «Ezinezko istorio honetan parte hartzea gozoki bat da», nabarmendu zuen Zeberiok. Biolin-joleak, beste bi musikariekin batera, Abbadiak bizi izan zituen herrialde guztiei musika jartzea izan du helburu: Frantzia, Etiopia, Brasil... «Publikoa txoko guztietara eramatea da gure lana».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos