Iraganarekin bueltaka oraindik
Aiora Sampedro
Ostirala, 12 iraila 2025, 23:15
Julen Belamunok hirugarren narrazio-bilduma argitaratu du Elkar argitaletxean. Ipuin-liburutzat ere jo zitekeen ipuin-bilduma hau; izan ere, argitalpena osatzen duten zazpi kontakizunetako protagonistak bat ez datozen arren, badituzte guztiek ere haien artean antzekotasunak. Liburuaren azaleko irudian zubi baten gainean ibaiaren pasabideari so egonean den pertsona bat ageri da, eta kontrako azaleko liburuko testuak ere ipuinetako bateko pertsonaietako baten barne-pentsamenduak erreplikatzen ditu, gertakari batek durduzatuta, ibaiaren bideari begira hausnarrean ari denekoak.
Hala daude ipuin hauetako protagonistak, izenburuak ere iradoki gisa, iraganaren eta orainaldiaren arteko inflexio puntuan. Batzuk iragana ezin askatu. Itsas hilerria ipuineko protagonista bezala, duela hainbat hamarkada bizi izan zuen pasadizo baten trauma ezin ahazturik. Besteak aldiz, iraganeko erabakien ondorioak jasan beharrean. Hala dago Amaia 'Sasoi gordinak gogora' ipuinean, gaztea zela galdu zituen gertukoak berreskuratu nahian edota 'Ahalguztidunaren ezinak' kontakizuneko apaiza, kide batekiko lehia zahar batek egun ostrazismoan hiltzera kondenatua.
-
Iragan atergabea Julen Belamuno. Ed: Elkar. .196 or. 21 euro
Baina ez da Belamunoren narratibari istorioa bera balio berezia ematen diona. Edo ez gauza bakarra. Istorio guztietan dago suspense apur bat. Eta hori lortzeko, kontakizun hauetako narratzaileak pertsonaien psikean nola barneratzen diren eta nola idazleak misterioa eraikitze horretan asmatzen duen pertsonaiak inguratzen dituen giroa deskribatzen egin zait niri deigarria. Borobila iruditu zait zentzu horretan 'Seinale-mutilaren balada', non balada baten konpasa irudikatuz, egunero lanpostuan emakume berarekin gurutzatzen den langilearen pentsamenduak errepasatzen dituen narratzaileak, ia nahi gabe sortzen zaizkion irudi mentalei erreparatuz.